303 kiloko harriarekin marka ahalegina eginen du Inaxio Perurenak igandean

Ttipi-Ttapa 2013ko ekainaren 6a

Inaxio Perurenak otsailean bizkarreratu zuen 300 kilokoa.

Leitzako frontoian izanen da saioa, 13:00etan

Otsailean 300 kiloko harria altxatzea lortu zuen leitzarrak eta igandean herriko frontoian hiru kilo gehiago dituen harriarekin ahaleginduko da. 13:00etan egina da hitzordua eta horrez gain, Jon Rekondo eta Jon Irazuren arteko aizkora lehia ere izanen da ikusgai eta Joseba Ostolaza eta Isaak Martinez harrijasotzen ariko dira.

Inaxio Perurena leitzarrak marka ahalegina eginen du igande honetan, ekainak 9. 303 kiloko harria altxatzen saiatuko da 29 urteko gaztea eta 13:00etan egin dute horretarako hitzordua. Ez da eguneko kirol saio bakarra izanen. Izan ere, Jon Rekondo eta Jon Irazu aizkoran lehian ariko dira eta horrez gain, Joseba Ostolaza eta Isaak Martinez harri altxatzen ariko dira.

Otsailean 300ekoa

Hilabete batzuk pasatu dira Inaxio Perurenak 300 kiloko harria altxatzea lortu zuenetik. Hiru saiakera eta lau urte pasatu zituen horretarako, baina otsailean 300 kiloko harriak jaso dituztenen zerrendan sartu zen, Iñaki aitarekin, Mieltxo Saralegi herritarrarekin eta Gibitegi gipuzkoarrarekin batera. Oraingoz, lau dira 300 kiloko harri errektangularra bizkar gainera igotzea lortu dutenak, eta horietatik hiru leitzarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun