Ekainaren 8an eginen den manifestazioan parte hartzeko deia egin du Maxurrenea Herrintzat plataformak

Ttipi-Ttapa 2013ko maiatzaren 27a

Artisau Azokan sinadurak biltzen aritu ziren Maxurrenea Herrintzat plataformako kideak.

Plataformak sinadurak biltzen segitzen du

Asteburuan egin den Leitzako Artisau Azokan sinadurak biltzen aritu da Maxurrenea Herrintzat plataforma. Hala ere, oraindik ere sinadura emateko aukera badagoela oroitarazi du plataformak.

Maxurrenea eraikina Guardia Zibilaren kuartel bihurtu zenetik hamar urtera, herriarentzat izan dadin eskatzen segitzen du Leitzako Maxurrenea Herrintzat plataformak. Hainbat mobilizazio egin dituzte orain arte eta hemendik aurrera ere gehiago egiteko asmoa badute.

Sinadura bilketa da martxan duten ekimenetako bat eta horretan aritu ziren igandean egin zen Artisau Azokan. Hala ere, oraindik ere sinadurak biltzen segituko dute eta egin nahi duenak ondoko tokietan izanen du aukera: Torrea, Gaztañaga, Landaberri, Peritza, Txoko, Musunzar, Adur, Leitzarra, Beatrizenea, Zortziko, Ogiberri eta Zirkulo tabernetan, udaletxean eta liburutegian, Maimur eta Astiz liburu-dendetan, Sarrio lantegian eta gaztetxean.

Bestalde, ekainaren 8an eginen den manifestazioan parte hartzeko deia ere egin du plataformak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun