147 korrikalarik aurre egin zioten eguraldi hotzari apirilaren 27an burutu zen Leitzako Herri Krosaren 35. edizoan. Arraizako Raul Amatriain izan zen irabazlea gizonezkoetan, hamar kilometroko ibilbidea 31 minutu eta 23 segundutan egin ondotik. Emakumezkoetan, Itziar Goñi irundarra nagusitu zen, 5 kilometroak 19 minutu eta 36 segundutan eginez.
Bi irabazleek bakarrik egin zuten ibilbiderik gehiena. Amatriainekin batera, Zizur Nagusiko Javier Nagorek (31:38) eta Elizondoko Alberto Barberenak (32:26) osatu zuten gizonezko seniorren podiuma. Emakumezkoetan, Itziar Goñiren atzetik Zizur Nagusiko Marta Muñoz (20:04) eta Lekunberriko Olatz Gonzalez (20:57) sailkatu ziren. Irabazleek 200 euroko saria eskuratu zuten, bigarrenek 140 euro, hirugarrenek 80 euro eta laugarrenek 50 euro. Andrez Perezen marka (29:49) urrun gelditu zen eta inork ez zuen eskuratu errekorra hobetzeagatik Aurrerak jarritako 150 euroak.
Leitzako korrikalariei dagokienez, Fernando Irazoki gizonezkoetan eta Izaskun Bereau emakumezkoetan izan ziren bizkorrenak. Ohiturari eutsiz, seiko taldeak osatzen zituzten leitzarrek bildotsa eraman zuten. Aurrerak ezarritako baldintzak lau taldek bete zituzten eta lauek eraman zuten bildotsa.