Hilabete batean 800 bat sinadura bildu ditu Maxurrenea Herrintzat plataformak

Ttipi-Ttapa 2013ko maiatzaren 16a

Hainbat mobilizazio egin dituzte Leitzan, Maxurrenea herriarentzat izan dadin eskatzeko.

Guardia Zibilaren kuartela den eraikina herriarentzat izan dadin ekimen gehiago iragarri ditu plataformak

Maxurrenea Herrintzat plataformak mobilizazio gehiago iragarri ditu. Martxan duten sinadura bilketan erronka 1.500 sinadura biltzea izanen da. Horrez gain, Udalak partehartze prozesua bat irekiko du Maxurrenea etxean kokatu beharreko zerbitzuak herritarrekin batera diseinatu eta ondotik, proiektua Nafarroako Goberuari aurkezteko. Eta ekaineko lehenengo asteburuan aldarrikapen-kalejira bat eginen dute.

Maxurrenea eraikina Guardia Zibilaren kuartel bihurtu zenetik hamar urtera, herriarentzat izan dadin eskatzen segitzen du Leitzako Maxurrenea Herrintzat plataformak. Astelehen honetan Maxurrenea herrintzat, 10 urte eta gero ordua da! manifestua sinatu zuten Leitzako eragileek bilera egin zuten eta orain arte egindako lana eta aurrera begirako erronkak izan zituzten hizpide. Hainbat izan dira orain arte egindako mobilizazioak, Nafarroako Parlamentuan ere bilerak egin dira eta sinadura bilketa ere martxan dago. Hilabete batean 800 bat sinadura bildu dituztela azaldu dute plataformatik, baina erronka 1.500 sinadura biltzea izanen da eta horretarako Kultur Aroan mahaia jarriko dute. Kanpaina gehiago zabaltzen jarraitzeko asmoa ere badute.

Udalak, bere aldetik, partehartze prozesu bat irekitzeko asmoa du Maxurrenea etxearen erabilpena zehazteko. Martxoan mozioa onartu zuen eta geroztik Maxurrenearen inguruan proiektu bat lantzen ibili da. Ekainean, berriz, partehartze prozesua bat irekiko du Maxurrenea etxean kokatu beharreko zerbitzuak herritarrekin batera diseinatu eta ondotik, proiektua Nafarroako Goberuari aurkezteko.

Eta ekaineko lehenengo asteburuan, hain zuzen, aldarrikapen-kalejira bat eginen dute Maxurrenea Herrintzat plataformako kideek. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun