Banakako Aizkolari Txapelketaren XV. Edizioak aitzinera segitzen du. Dagoeneko finalaren eguna zein den zehaztu dute eta ekainaren 2an izanen da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Eta asteburu honetan lehenbiziko finalerdiak jokatuko dira, Urrezko eta 23 urtez beheitikoen mailetan.
Igande honetan, maiatzak 19, 23 urtez beheitikoen finalerdiak jokatuko dira Leitzako Amazabal pilotalekuan. 12:00etatik aitzinera, alde batetik, Julen Kañamares III.a (Arostegi, Nafarroa) eta Jon Rodriguez II.a (El Espinar, Segovia, Espainia) ariko dira lehian. Bigarren saioan, Ander Erasun aurtiztarra eta Ruben Saralegi leitzarra ariko dira aurrez aurre. Zazpina enbor ebaki beharko dituzte.
Egun berean, harrijasotze proba ere jokatuko da. Lehen saioan, Josetxo Urrutia leitzarra eta Jokin Eizmendi gipuzkoarra ariko dira lehian. Ondotik, Joseba Ostolaza gipuzkoarra eta Ibon Murga arabarra ariko dira aurrez aurre.