Leitza, Areso eta Goizuetako eskolen arteko topaketa maiatzaren 11n eginen da. Urtero herri desberdinean antolatzen da lau herrietako festa hau (Aranon eskolarik izan ez arren, hango ikasle eta gurasoek ere parte hartzen baitute) eta 2010ean bezalaxe, aurten ere Goizuetan eginen da egitarau zabalarekin eta Birziklapena, murrizketak eta berdintasuna goiburupean.
Larunbat goizeko 11:00etan elkartu eta gero kalejiran ibiliko dira, buruhaundi eta trikitilariekin. Ondotik, txikienentzako tailerrak izanen dira (margoketa, erroskilak, birziklatutako materialekin eskulanak…) eta Gazte Txokoan ping-pong eta futbolin partidak ere jokatuko dituzte.
13:00 aldera batukada iragarri dute eta musika-tresna gisara, eskolan birziklatutako materiala (potoak…) erabiliko dute. 14:00etan bazkaria izanen da eskolako frontoian. Norberak berea eraman beharko du, baina Goizuetako Guraso Elkarteak edaria, kafea eta pastak jarriko ditu.
Bazkal ondoren, 16:30etik aurrera berriz ere jokuak izanen dira haur eta gurasoentzat: futbol txapelketa azkarra, herri kirolak, egurrezko eskiekin lasterketak… «Herri ezberdinetako guraso, ikasle eta irakasleek taldeetan nahastuak aritzea da helburua, horrela hobeki elkar ezagutzeko eta harremanak egiteko», aipatu digu Guraso Elkarteko Maria Apezetxeak. Jokuen ondotik karaokea ere eginen dute.