Aurten turismo plana egitea izan du bere ideien artean udalak, eta ideia hori aurrera eramaten ari da.
Urumea ibaia ardatz hartuta, Hernani, Ereñozu, Goizueta eta Arano bilduko dituen plan bat egiten ari da "Bizi biziki" enpresak gidatuta. Plan horretan lau udal hauek daude sartuta eta uda alderako web gune bat eta bestelako informazio euskarriren bat argitaratzea dute helburu guztien artean.
Aranoko udalak plan horretan parte hartzeko interesa hasieratik erakutsi zuen, baina herriko bertako plana ere burutu gabe izaki, bi egitekoetan murgildu da azken asteetan.
Herritarrekin bi bilera egin dira honezkero, eta parte hartzea polita izan da bietan. Hilaren 3an eta 10ean herriko elkartean dozena bat laguneko taldea bildu eta herriak dituen ezaugarri positiboak eta interesgarriak identifikatzen ahalegindu dira.
Ezaugarri hauetatik abiatuta, eta egiteko dagoena ahaztu gabe, Aranon, turismora eta herritarren beharretara zabaltzeko beharrezko liratekeen ekintzak proposatuz bukatu zen azken bilera. Esan behar da, taldeak bilera hauetaz egindako balorazioetan, lanerako eta herria potenzializatzeko indarrez eta ilusioz nabaritzen dela jendea. Beraz, egiteko horretan jarraitzeko animatu nahi ditugu herritarrak, eta orain arte hurbildu ez direnak parte hartzera gonbidatu. Denen artean politagoa eta osatuagoa izango dela dudarik ez dago.
Beraz, aurrerago egingo diren deialdien berri jakinaraziko da eta bitartean eragin buruari!