Beste urte batez, aurten hamargarrenez, maiatzeko lehen asteburuan ospakizun giro ederra izan dute Goizuetan, Txino auzoko festak ospatu baitituzte. Ikusi argazkiak
Maiatzaren 3an, ostiral arratsaldean kontzertu ederra eskaini zuen Aralar Musika Eskolak Udaletxeko gorapean. Arratsean bertsolariak aritu ziren Zubiondon eta gero mus txapelketa jokatu zen leku berean.
Halere, festetako egun handia larunbata izan zen. Dantzari txikiak aritu ziren Txinoko “plazan” eta eguerdian txupinazoa bota zuen Koro Eskudero auzotarrak.
Segidan, trikitixa doinuak hedatu ziren eta horien ondoan, lehen aldiz, gaztetxeak hala eskatuta Rosa Olaizolak sortutako dragoi koloretsua ibili zen. Ondotik, mundu guziak espero zuen ekitaldia egin zen, Txinoko auzotarren eta herritarren arteko herri kirol desafioa. Hamar lagunez osatutako bi taldeek hamar proba egin zituzten Yandeneko atarian: koxkor biltzen, egurrezko oholen gainean eskiatzen, giza aulkia osatzen, sokatiran, zaku erraldoietan lasterka, auzoaren inguruan korrika, karretillarena eginez, txingekin, begi itxiekin txokolatea janaraziz edo baloia bata besteari pasatzen, proba konbinatu dotorea osatu zuten. Halere, hamar proben ondotik ez zen irabazle garbirik suertatu eta berdinketarekin bukatu zen.
Herri bazkarian 150 bat lagun bildu ziren, arratsaldean ere musika izan zen eta gauean kontzertuak gazteen tabernan NoNguayaz eta Patxuko Nice taldeekin. Berriz ere, zubiaren bi aldeko herritarrek eta kanpotik etorritakoek giro ederrean eman zuten gaua.