Umore Ona elkarteak, Goizueta ezagutuz mendi irteera eginen du apirilaren 28an. Herriko txoko eta inguruak ezagutzeko helburuarekin, hilean behin antolatzen dute mendi buelta. Urtarrilaren 27an egin zuten lehendabizikoa eta igandekoa, laugarrena izanen da. Goizeko 09:00etan plazatik abiatuko dira eta Labeko borda, Petanxelaia, Etxolla, Txakurtxuko borda eta kaleko bordan barna osatuko dute ibilbidea, berriro herrira itzultzeko. Aitzineko irteerak arrakastatsuak izan dira eta adin guztietako herritarrak animatu dira, bi edo hiru ordu inguruko mendi ibilaldia eginez, hurbilean dituzten mendi eta txokoak ezagutzera.