Ezker Abertzaleak urtero antolatzen duen barrikotea alde batetik eta Gazte Asanbladak prestatutako Gau Tropikala bestetik. Biak elkartu, nahasi eta ederki atera den kimikako esperimentu bat balitz bezala, giro paregabea sortu zen apirilaren 6an Gaztetxean. Adin guzietako gazteak elkarrekin dantzan eta parrandan, bertsotan, sagardoa nahiz mojitoari tragoa eginez, berdin trikitixa edo saltsaren erritmora mugituz…
Azken urteetan frontoian egin zen barrikotea, baina jende gutti xamar apuntatu zela eta, berriz ere gaztetxearen goxotasunera bueltatu da eta apustu egokia izan dela esan daiteke.