Maxurrenea Herrintzat ekimeneko kideak, herri eragile desberdinetako partaideak bildu zituzten martxoaren 14ko agerraldian, eraikina herriari itzul diezaioten aldarrikatuz. Eragile horien artean zeuden Leitzako Herrira, Aurrerako komisio desberdinak, Jaiki Abesbatza, Sarrioko Langile Komitea, ELA, LAB, Bilgune Feminista edota, gazte mugimenduko taldeak…Desagertutako Amazabal Patronatuak (Maxurrena eraikinaren jabeak) eta gaur egun herritarrek ongizatearen inguruan dituzten kezkak berdintsuak direla azpimarratu dute. Horren harira eraikinaren historia gogora ekarri dute, nola Jose Perurena zenak etxea Amazabal patronatuari eman zion bertan jarduera benéfico-docente desberdinak egiteko.
Gaur egun Nafarroako Gobernua da eraikinaren jabea. Honek, urte luzez etxea hutsik eta erabilerarik gabe izan zuen. Eta makina bat ahalegin egin zituzten Udalak zein herritarrek Maxurrenea herriari itzuli eta, Patronatuaren izpirituari eutsiz, etxeari erabilpen kulturala emateko. Leitzarren eskaera honi entzungor, 2002 urtean Nafarroako Gobernuak, Maxurrenea Espainiako Gobernuari arrendatzea erabaki zuen eta honek etxea, Goardia Zibilen koartel bihurtu zuen.
Erabaki horren 10 urte beteta, uste dute aukerak daudela Nafarroako Gobernuak arrendamendu-kontratu hori atzera bota eta behingoz leitzarren nahi eta beharretarako Maxurrenea herriari itzultzeko.
Agerraldiaren ondotik, Udalbatza berezia burutu zen. Plataformak mozioan eskatutako puntu guztiak gehiengoz onartu ziren. Beraz, eraikina kultur azpiegiturara bideratzeko asmoa azaldu du Udalak eta horrekin batera Maxurrenea Udalari uztea eta Espainiako Gobernuarekin duen kontratua bertan behera uztea eskatuko dio Nafarroako Gobernuari.
Maxurrenea Herrintzat Plataformako kideek adierazi dutenez, datozen hilabeteetan hainbat ekintza eraman nahi dituzte aurrera. Udalean aurkeztutako eskaera berbera Nafarroako Gobernuari egingo diote, hots, etxea herriari itzultzea kultura beharrak asetzeko erabilpena eman ahal izateko. Horretarako bi bide jorratuko dituzte: talde-parlamentari desberdinekin bilkurak eta herri babesa lortzeko sinadura bilketa. Horiek hasteko izan ere helburua lortu arte lanean jarraitzeko asmoa daukate eta.