101 urte bete ditu Kaperottikiko Carlos Eskuderok

TTIPI-TTAPA 2013ko martxoaren 27a

Utzitako argazkia Carlos Eskudero eta Petra Bergara senar-emazteak. 101 urte bete berri ditu Carlosek eta 92 egitera doa Petra. Utzitako argazkia

Mantxintxako Petra Bergara emazteak ere 92 urte eginen ditu aurten

101 urte bete zituen martxoaren 8an Goizuetako Kaperottikin sortua den Carlos Eskudero Mutuberriak. Emaz­tea ere goizueta­rra du, Mantxintxako Petra Bergara Zubiri, baina ez­konduta Oiar­tzunera joan ziren bizi­tzera eta orduz geroztik Gipuzkoan bizi dira. Semearekin eta alabarekin, bost bilobekin eta bi birbilobekin ospatu zuten egun handia.
 
Goizuetarra sortzez, 9-10 urte zituela Berdabiora joan zen Carlos Eskudero familiarekin. Goizuetar batekin, Mantxintxako Petra Bergararekin ezkondu zen, baina Oiartzunera joan ziren bizitzera. Maria Luisa eta Migel Angel alaba eta semea izan zituzten Oiartzunen. Handik, duela 48 urte in­guru, Errenterira joan ziren. Bost biloba eta bi birbiloba dituzte Carlos eta Petrak eta elkarrekin ospatu zuten 101. urtebetetze festa. Pe­trak berak ere 92 urte beteko ditu aurten.
 
Gazte denboran, basoko lanean aritu zen Carlos, ikatza egiten, eta gero Iberduerorentzat, argindar-lineak jartzen. Oraindik orain, osasunez ongi dago Carlos Eskudero. «Zutik ezin da egon, baina taka-taka hartuta ederki ibil­tzen da hara eta hona, bera garbitzen da eta gauza batzuetarako laguntza behar baldin badu ere, ederki molda­tzen da eta burua oso ongi du», dio Maria Luisa alabak. Bizitzako oroi­tzapenik onena zein duen galdetzerakoan, «espostea» eran­tzun digu zalantzarik gabe Kaperottikikoak. Gerra ezagutu bazuen ere, oroitzapenik txa­rrena «solda­dus­­ka Afri­kan egitea» dela dio. 
 
Aspaldian Gipuzkoan bizi arren, sorterria ez dute ahazteko Carlos eta Petrak eta urteetan Goizuetan duten pisura etorri dira Aste Santua eta uda pasatzera, bilobekin. «Orain zaila da, aszensorerik ez du pisuak eta eskaileraz ezin ditut igo, beraz ez gara joaten», dio.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun