Hamar urte pasa dira, Maxurrenea, Herriko Etxea izan behar zena, Guardia Zibilaren kuartela bihurtu zutenetik. Nafarroako Gobernuak 2003an Espainiako Gobernuari utzi zion eraikina 15 urtez erabili zezan. Orain 10 urte igarota, Nafarroako Gobernuak kontratua bertan behera uzteko ahalmena du. Hori dela eta, "Maxurrenea herrintzat" plataformak kanpaina jarri du abian. Leitzako eragile ezberdinekin batera, eraikina leitzarrei itzultzea eskatzen dute. Kontratua bertan behera uztea nahiko lukete eta herritarren beharrak kontuan hartzea. Ekimen artean, martxoaren 14an udalbatza berezian gaiaren inguruko mozioa aztertuko da eta ondoren prentsaurrekoa emanen dute. Herritar guztiei bertara agertzeko deia luzatu die taldeak. Emanen duten hurrengo pausoa eskaria Nafarroako Gobernuari bideratzea izanen da.