300 kiloko harria bizkarreratuta, aspaldian gainean zeraman zama kentzea lortu du Inaxio Perurenak. Otsailaren 10ean, Leitzako Amazabal pilotalekuan, herritarren babesean lortu zuen erronka. 17,80 segundo behar izan zituen. Gerrira jaso, bulerrera goratu, han hiru bote egin eta berdintzea lortu zuen. Bigarren jasoaldi ere egin nahi izan zuen, baina ezin izan zuen. Pozik agertu zen lortutakoarekin, «Konfiantza galtzen eta beldurtzen hasita nengoen» aitortu zuen. 300 kilokoen multzoan sartu da jada Inaxio Perurena, Iñaki Otaegi Gibitegi, Iñaki Perurena eta Mieltxo Saralegirekin batera. Orain, laster itzuli nahiko luke plazara, beste koska txiki bat igotzeko.