Plastikozko botilak, kontserba latak, makilak... irudimen apur batekin musika tresna bihurtu litezke. Gabonetako oporretan etxeko lan hori zuten Erleta eskola publikoko Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleek. Zintzo bete zituzten lanak, batzuk gurasoen laguntzaz, besteek beraiek bakarrik: haizezko, harizko eta perkusiozko instrumentuak sortu zituzten. Denera 108 instrumentu jaso dituzte eta erakusketa jarri dute. Gitarrak, marakak, xilofonoak, bateria...ikusgai daude. Instrumentuez gain, panel handi bat ere jarri dute. Bertan artista ttiki hauen izenak eta argazkiak agertzen dira. Rakel Erviti Zabaleta musika irakasleak jarri zien zeregina eta gustora dago ikasleen lanarekin «batetik gurasoekin elkarlanean aritu dira asko; bestetik musikaren inguruan irudimena garatu dute eta guztiek ikusi dute ez dela beharrezkoa gauza berriak erostea zerbait sortu ahal izateko, gauzak birziklatuz ongi pasatu eta gauza ederrak sortu litezkeela».