Inauterietan, beste behin ere, eguraldia izan zuten aurkaririk gogorrena, baina aurpegi eta umore onarekin egin zuten zomorroek puska biltzea. Goizean 30 bat zomorro elkartu ziren Suron eta handik abiatuta, soinua, korneta deiak, dantza, umorea eta hizketa saio gozoak izan ziren eguarteko protagonista. Jendeak alaitasun handiz irekitzen die atea zomorroei eta lagun giro hau benetan eskertzen da!
Eguerdian herrira iritsi eta bazkaria prest betiko moduan herriko elkartean! Etxez etxe jandakoarekin goserik ez baina apetitoa irekitzea erreza zen han aurkitutakoarekin! Bazkalondoan, berriro ere kantuak mahai ingurua alaitzen. Azken urteetan ohitura bihurtu da zahagi dantzaren aurretik kantatzea.
Arratsaldean zahagi dantzan adin guztietako zomorroak atera ziren dantzatzera, eguraldiak bere aurpegi zatarrena orduan erakutsi bazuen ere. Maitane Legarretak eta Maitane Sarobek egin zuten bi pertsonaien papera eta euri eta kazkabarragatik behar baino motzagoa izan bazen ere, meritua dute bi neska hauek! Bigarren urtez hartu dute antzerkia egiteko ardura eta lehen neskak izan dira eginkizun honetan.
Zahagi dantzaren ondotik, Izer eta Alabierek jendea ederki dantza eta kantarazita agurtu zuten. Azkenik, 65 lagun inguru bildu ziren afaltzera eta Julio Soto eta Sustrai Colinaren bertsoez gozatzera. Saioaren momentu batean haiek ere zomorrotu zituen Xabier Legarretak bertsotan eginarazteko. Goizeko ordu biak aldera bukatu zen saioa eta festan jarraitu nahi izan zutenek tabernarako bidea hartu zuten; gainerakoak etxera.