Urtea hasi eta aire batean datoz iñauteriak! Ustekabean urtarrila pasatu da baina oraindik memorian ditugu pasa den urtearen azkenean izandako oporrak eta lagun arteko elkartzeak. Olentzerorekin etxez etxe kantari atera ginenekoa, gero egin ziguten bazkari ederra, egun horretako saskia Aurorari tokatu zitzaiola pozez hartu genuenekoa, Pinok zozketatu zuen zeramikazko oparitxoa… nola ez, Olentzeroren eta, kasuren batean erregeen opariak, lagunekin jostaketa eta solasketa luzeak… Kontsejun errege inguruan egin zen txokolate eta txurro jatea…
Atzean gelditu ziren, bai, baina ez dira oraindik ahaztu momentu on guzti horiek! Eta orain beste soinu eta irripar batzuk ikusteko aukera datorkigu! Inauterietan Aranon, etxez-etxe soinu eta alaitasun ugari partituko dute zomorroek otsailaren 2an, Izer eta Alabier trikitilarien laguntzaz. Gagoeneko jantzi zuri eta zinta koloredunak prest izango dira etxe gehienetan!
Urteroko bueltarako prest zomorroak eta arratsaldeko zahagi dantzarako ere bai! Eta gauerako, azken urteetako aldean, aldaketa xamur eta gozo bat: Julio Soto eta Sustrai Colina lagun hartuta, bertso afaria izango da San Roke Elkartean. Afarira joan nahi duenak izena eman beharko du urtarrilaren 31 baino lehen Kontseju tabernan, 948 514279 telefonoan.