Asteburuan ospatuko dituzte Aresoko inauteriak

Ttipi-Ttapa 2013ko urtarrilaren 31

Iaz ijito koadrila ibili zen, aurten monja eta apaizak ibiliko dira larunbatean baserriz baserri eskean.

Larunbatean herritarren antzerkia izango da lehengoz

Ostiralean, eskea egingo dute herrian barna eta afaria Pake Tokin. Egun handia ordea larunbata izango da.  Iaz Ijitoek hartu zuten herria eta aurtengoan apaiz eta monja koadrila ibiliko da baserrietan eskean. Gainera lehenengoz, herritarrek antzerkia eskainiko dute. Afaria eta bestarako tartea ere izanen da. Igandean, bertso bazkariarekin amaituko dira inauteriak. 

Azken urteetan bezalaxe, ostiralean hasi eta igandera arte luzatuko dira Aresoko inauteriak. Ostiralean, 18:00etan eskea egingo da herrian barna Plaza Zaharretik hasita. 21:00etan Pake Tokin Lagun artekoen afaria egingo da. Egun handia ordea, larunbata izango da.  Iaz ijito koadrila galantak hartu zuen herria eta aurtengoan apaiz eta monja koadrila omen da biltzekoa.  Errosario, bibilia eta gurutzeak hartuta baserriz baserri ibiliko dira eskean Ingo Al Deuko trikitilarien laguntzarekin. 17:30 inguruan mozorro desfilea egingo da herrian barna eta ondoren musika egongo da plazan.

Herritarren antzerkia

Aurtengo inauterien berrikuntza nagusia herritarren antzerkia izango da. Ekimen hau aurrera eramaten den lehenengo aldia da. Herritar talde bat entseguak egiten ibili da azken hilabeteetan eta egindako lanaren fruituak 19:00etatik aurrera ikusgai izango dira udaletxean. 21:30ean Pake Tokin herri afaria egingo dute eta ondoren musika egongo da Ingo Al Deu trikitilarien eskutik.  Igandean, Larrea Elkartean egingo duten bertso bazkariarekin amaituko dira inauteriak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun