Jon Jaunarenari ustekabean iritsi zaio Lehen Mailan jokatzeko aukera. Pasa den asteburuan Barriola eta Xalak Bengoetxea VI.a eta Beroizen aurka jokatu zuten partida. Ez ziren amaierara iritsi, min hartu baitzuen Xalak. Lesioaren ondorioz, hiru astez pilotalekuetatik kanpo izango da. Aspe enpresak Jon Jaunarena leitzarra aukeratu du bere lekua betetzeko. Barriolarekin batera osatuko du bikotea Berasaluze VIII eta Albisuren aurka, urtarrilaren 25an, ortziralean Hendaian jokatuko den partidan. Leitzarra «pozik» eta «gogotsu» dago, lehen mailan jokatuko duen lehenengo partidan «nola erantzuten duen ikusteko».