Leitzako Mendibil mendi taldeak urteko lehen irteera eginen du urtarrilaren 19an, larunbatean. Horretarako kostaldea aukeratu dute eta Pasai Donibane eta Hondarribia lotuko dituzte, Jaizkibelen barna (547 metro), talaien bidetik.
Zailtasunik gabeko lau ordu terdi inguruko ibilaldia da. Larunbat goizeko 7:30ean geldituko dira mendizaleak Oialde parean, joan-etorria autobusez eginen baitute. Itzulera, arratsaldeko 2:30 aldera izanen da. Irteeraren prezioa 5 eurokoa izanen da Aurrerako bazkideentzat eta 10 eurokoa bazkide ez direnentzat. Izen ematea Astiz eta Maimur liburudendetan edo mendibilaurrera@hotmail.com helbide elektronikoak egin daiteke ilbeltzaren 17a, osteguna baino lehen.
BTTkoak igandean Irun inguruan
Mendibil BTT mendi bizikleta taldekoak ere ez dira urrun ibiliko urtarrilaren 20an, igandean. Hauek Irun-Erlaitz-Manttale-Hendaia-Irun ibilbidea proposatu dute, hiru ordu terdi ingurukoa eta 850 metroko gainbeherarekin.
Igande goizeko 08:00etan abiatuko dira Leitzako kiroldegitik, baina izen emateko epea hilaren 17an, ostegunean bukatuko da, Astiz liburudendan edo mendibilbtt@hotmail.com helbide elektronikoan. Garraiorako 5 euro aurreratu beharko dira. Kaskoa eta errepuestoko kamara eramatea nahitaezkoa da.