Gabonak iritsi direla nabari da herriko txoko guztietan. Urteroko legez, etxeetako balkoietan eguberrietako zuhaitzak, apaingarriak eta olentzeroak ikusi litezke. Hala ere, aresoarrentzat gabonak iritsi direnaren adierazle nabarmenena, Plaza Zaharrean egoten da. Herriko markesinaren itxura zeharo aldatzen da egun hauetan, Olentzeroren kabia bihurtzen baita. Danbolin, zatoa eta sua ondoan dituela, goxo goxo dago aurten ere Olentzero bere aulkian lasai eserita.
OLENTZEROREN ETORRERA
Abenduaren 24ean, nabaritu zen eskolako umeek eguberrietako kantak ederki ikasiak zituztela. Astean bitan aritu ziren eskolan abestiak ensaiatzen eta egun handia iritsita herria alaitu zuten. Kantuan aritzeaz gain, borondatezko diru bilketa egin zuten behartsuei emateko asmoarekin. Iluntzean, Olentzero etorri zen herrira, ongi portatu ziren umeendako opariak ekartzera.
POSTALA ETA 2013KO EGUTEGIA
Udalak, urtero moduan, postalak bidali ditu herritarrei eguberri eta urte berri zoriontsuak desiratzeko. Horretaz gain, 2013ko egutegia ere banatu dute. Bertan herriko festetako, koadrilen eguneko argazkiak agertzen dira. Nahiko barre egingo dute berriz ere askok jokuetan izan zituzten komeriak gogoratuta!