Hiru txapela jokoan eta hirurak lortu ditu Jon Jaunarenak. 20 urte ditu eta profesional mailan bi urte nahikoak izan ditu historiaren parte bihurtzeko. Urte bakarrean promozio mailako hiru txapelak lortu dituen lehenengo pilotaria baita. Eskuratu duen azkena lau t'erdikoa izan da. Abenduaren 8an Untoriaren aurka partida estua jokatu eta 22-20 irabazi zion. Aurtengo lorpenarekin, lehen mailan jokatzeko eskubidea lortu du. Ilusioz hartu du erronka berria, baina oinak lurrean ditu, gogor lan egiten jarraitu beharko duela argi du.
E. IRAOLA
Hiru txapelak soinean. Nola sentitzen zara?
Gauza polita da hiru txapela jokoan egon eta hirurak irabaztea. Ez da askotan errepikatuko. Hogei urterekin egin dudana lortzea, ez nuen inondik inora espero. Historia egin dudala entzutea polita da baina, kantxara irten nintzenean lau t’erdiko finala, partida hori, irabaztera irten nintzen ni. Ez inongo errekorrik egitera.
Nola joan zen finala?
Untoria aurkari oso gogorra izan zen. Hasieran nik uste ongi hasi nintzela, baina gero bera ere gehiago jokatzen hasi zen. Nik huts batzuk, agian gehitxo, egin nituen erdialdean. 14na gindoazenean hobekixeago jokatzen hasi nintzen, hiru tanto ongi bukatu nituen. Nire momentu hoberena agian hori izan zen, 17-14ra bitartekoa. Baina Untoriak tantoak eginez eta tantoak gogor eutsiz jarraitu zuen. 21 eta 17 aurretik jarri nintzen, baina ez nuen amaitzea lortu. Orduan berak sakea hartu eta 20 tantora arte hurbildu zen. Baina azkenean, sakea berreskuratu eta partidu gogor baten ondoren irabaztea lortu nuen.
Garaipena arriskuan ikusi zenuen?
Askotan ikusten duzu txapela arriskuan. Untoria kontuan izan beharreko pilotaria da, tantoak luzatu ezkero, erakutsi du oso gogorra dela eta berari tanto egitea asko kostatzen dela. Pilotakada askoko partida izan zen. Irabazi nuen, baina berdin berdin galdu nezakeen. 21 eta 20koa nire azken pelotazoa txapa pean izan balitz eta berak sakea eskuratu, agian ez ginateke horrela hizketan arituko.
Hiru finaletatik zailena zein izan da?
Markagailu estuena azken finalean egon da. Buruz burukoan ere Ezkurdiaren aurka asko sufritu nuen, partida oso gogorra izan zen. Nire ustez, azkeneko biak izan dira gogorrenak, biak maila berean.
Txapela lortzeak zer dakar?
Lorpen pertsonalaz gain, lehenengo mailan jokatzeko aukera lortzen da. Lehenengo mailako lau t’erdi eta buruz burukoan jokatzeko txartela da.
Horrek errespetua ematen dizu?
Errespetua baino gehiago ilusio handia. Badakit, lehenengo mailan gehienak ni baino hobeak direla. Ahal den presio gutxienarekin joan beharko nukeela uste dut. Joko on bat egin behar dut. Ez dut uste pentsatu behar dudanik bigarren mailako txapela irabazi dudalako, orain lehenengo mailan partidak irabazi behar ditudala. Gauzak ahal dudan hobekien egitera irten behar dut kantxara. Lanean jarraituko dut orain arte bezala eta lesiorik izaten ez badut bidea errazagoa izanen da.
Zer behar du zure ustez pilotari on batek?
Dena behar da gaur egun pelotari on bat izateko. Alderdi guztiak menderatu behar dituzu. Erasoan oso ongi aritu behar da, gantxoarekin, jokoan ongi eta defentsan ere hanka bizkorrak izan eta azkar mugitu. Gaur egun gainera, pilotan oso azkar jokatzen da. Horregatik, azkar eta ongi egin behar izaten da dena.
Zeintzuk dira zure dohai eta ahuleziak?
Denetatik egiten dut eta aldi berean denean hobetu behar dut. Erasoan aireko jokoa asko hobetu eta defentsan mugimentuak azkarrago egin behar ditut.
Urte berriari zer eskatzen diozu?
Aurtengo urtea bezalakoa balitz, niretzat aski izanen zen. Baina badakit ez dela erraza. Horregatik, partida asko jokatu eta irabaztea da nire helburua.
URTE BERRIARI
«Aurtengo urtea bezalakoa balitz niretzat aski izanen zen. Baina badakit ez dela erraza. Horregatik, partida asko jokatu eta irabaztea da nire helburua»
HELBURUA
«Ez dut uste pentsatu behar dudanik bigarren mailako txapela irabazi dudalako, orain lehenengo mailako partidak irabazi behar ditudala. Gauzak ahal dudan hobekien egitera irten behar dut kantxara».