Aimar Olaizolak seigarrenez jantzi du lau t'erdiko txapela

Ttipi-Ttapa 2012ko abenduaren 17a

Kaiolan nagusi dela argi utzi zuen Olaizolak Bengoetxeari 22-09 irabazita.

Bengoetxearen aurkako partidan goizuetarra 22-09 nagusitu zen

Kaiolan nagusi dela argi utzi zuen bertze behin ere Aimar Olaizolak. Distira eta tentsio handiegirik gabeko finala izan zen. Goizuetako aurrelariak leitzarraren urduritasuna aprobetxatu eta 13-0ko partziala sartu zion neurketa hasieran, finala ia erabakita utziz. Bengoetxea saiatu zen markagailuari buelta ematen, baina, alferrik 22-09 nagusitu zen Olaizola.

Aimar Olaizola kaiolan nagusi dela argi geratu zen bertze behin ere. Lau t'erdiko seigarren txapela jantzi zuen Bengoetxearen aurkako partida irabazita. Distira eta tentsio handiegirik gabeko partida  izan zen Gasteizko Ogetan jokatutakoa.  Goizuetako aurrelariak Bengoetxearen urduritasuna aprobetxatu eta 13-0ko partziala sartu zion neurketa hasieran, finala ia erabakita utziz.

Lehenengo sakea Bengoetxeak atera zuen, baina ez zion etekinik atera, Olaizolak tantoa egin eta pilotaz aldatu zuen. Hortik aurrera markagailuan aurrera joan zen Olaizola, ia etenik gabe. Aimarri dena ongi ateratzen zitzaion eta Bengoetxea berriz, urduri eta ezinean zebilen. Partidaren erdialdetik aitzinera, Bengoetxeak urduritasunak apur bat baretu zituen eta gauzak hobeto ateratzen hasi zitzaizkion, erasokorrago jokatu eta 16-7 hurbildu zitzaion markagailuan. Baina berandu zebilen, aldea handiegia zen, eta markagailuarei buelta ematen saiatu arren, Olaizolak ez zion aukera handiegirik utzi.

Partida amaitu ondotik Aimarrek partida osoan «zentratuta» egon zela adierazi zuen. Bengoetxeak berriz aurkakoa «ez naiz zentratu eta horrela ezinezkoa da Olaizolari irabaztea».

Bengoetxeak jokatzen zuen lehenengo lau t'erdiko finala zen.  Olaizolak berriz, esperientzia eta garaipen ugari bilduak zituen aurrez ere lau t'erdikoan. Igandekoa eskuratzen zuen lau t'erdiko seigarren txapela zen, 2002, 2004, 2005, 2008 eta 2011koak ere berak irabazi zituelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun