Leitzako udalak frankismoaren ikurrak kentzeko ekimena jarri du abian

Ttipi-Ttapa 2012ko abenduaren 13a

Herrian eta Nafarroa osoan dauden ikur guztiak kentzeko prozedurak egitea eskatzen du

Nafarroako Gobernuari beharrezko prozedurak abian jartzeko eskaria eginen dio Leitzako Udalak. Horretarako, zerbitzu juridikoak ikurrak kentzeko urratsak ematen hasiko dira. Herritarrei ere, frankismoko ikurrak identifikatzeko lanean laguntza eskatu die.

Leitzako udalak frankismoko ikurrak kentzeko prozedurak jarri ditu abian.  Herrian eta baita Nafarroa osoan ere, frankismoko ikurrak ugariak dira oraindik, eta horrek «frankismo kriminalak eta bere arduradunek eduki duten zigorgabetasun osoa gogora ekartzen» dutela ikusita hartu dute erabakia.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioaren Departamentuari, Gobernuaren Ordezkaritzari eta Artzapezpikutzari luzatuko diete Nafarroako herri eta administrazio guztietatan eta Nafarroako Foru Aldundiaren eraikinean dauden ikurrak kentzeko eskaria.

Udaleko zerbitzu juridikoari ere beharrezko urratsak emateko eskatu diote. Herritarrei ere laguntza eskatu diete, Leitzan dauden frankismoaren ikurren kokapenaren berri emanez lagundu dezaten.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun