Baloiaren joko zoroa ogibide daukan leitzarra da Aimar Sagastibeltza. Afizioa ofizioa bihurtzeko aukera izan duen pribilegiatua. Etxetik kanpo bost denboraldi eman ondotik, Eibar taldeko partaide da. Bolboraz kargatuta egon nahiko lukeen armagina da bera. 28 urte eta oraindik osotara heldugabe egon arren, esperientzia handia dute bere botek. Azaroaren 1ean Marcelo Bielsaren lehoiak geldiarazten ikusteko aukera izan genuen. Eibarren dagoen konpententzia handiaren lekuko, ez da nahi bezainbeste jokatzen ari.
Joseba URKIOLA | LEITZA
Zer moduzkoak izan dira lehen bost hilabeteak talde armaginean?
Kirol aldetik pertsonalki baino positiboagoa dela esango nuke. Futbol arloan sailkapeneko goiko postuetan gaude eta Errege Kopan Athletic-en aurka jokatzeko aukera izan dugu. Aldiz arlo pertsonalean hasieran espektatiba handiak izan arren, ez naiz uste bezainbeste jokatzen eta ezin naiz pozik egon.
Lauzpabost urte Katalunian eta Aragoin egon ondotik, berriro ere Euskal Herrira. Zer ikasi duzu etxetik at urteotan?
Gauza asko esango nuke. Pertsona eta kirolari bezala asko zaildu naizenaren irudia daukat. Eguneroko biziari buruzko gauza asko ikasteko aukera izan dut, azken finean beharrak horretara bideratzen baitzaitu. Eta baloiari dagokionez, eboluzio geldoa izan eta gorabehera batzuk eduki arren, 3 urte daramatzat 2.B mailan eta heldutzea profesionala goranzkoa izan da. Zalantzarik gabe, aldaketa nabarmena dago etxetik alde egin nuenetik bueltatu naizen arte.
Garaipena xede izatetik irabaztea obligazio duen talde batean egoteak presio handia sortzen al du?
Azken 2 urtetan mantentzea helburu zuen talde batean egon naiz eta gaur egun, Eibarren, bestelakoa da egoera. Irabaztera behartuak gaude eta horrek gauzak beste modu batean bizitzeko aukera eskaintzen dizu. Baina hitz bat aukeratu behar banu, aurtengoa ondoen definituko lukeena motibazioa litzateke. Maila apalagoan eta orain hiru urte 3. mailan negoenean Teruelen, orduan bai presio egoera izan nuela.
Aurten minutuak garesti dauzkazula kontuan hartuz, nola ari zara egunerokoari aurre egiten?
Errol berri bat edukitzea irakasgai bat izan baino gehiago, sufrimenduzko egoera bat dela esango nuke. Egoera guztietatik ikas daiteke zerbait eta hemendik ere aterako dut ondorioren bat garaia heltzen denean. Baina gauzak nola doazen ikusita, errol berria oso zaila zait onartzea. Dena den argi daukat egoerari nola edo hala buelta ematen saiatu behar naizela eta entrenamendu guztietan egingo dudala nire esku dagoen guztia. Espero eta merezi baino merezi baino minutu gutxiago jokatzea ez da inorentzat gustagarri.
Halere ez da dena garratza. Ez al zara pribilegiatu sentitzen mundua nola dagoen ikusita futboletik ateratzen duzulako eguneroko ogia?
Duela sei urtetatik, Beasainen jokatu nuen garaitik futboletik bizitzeko aukera izan dut eta hori niretzat gauza handia da, benetan handia. Gustoko duzuna eginez soldata on bat ateratzea ez baitago askoren esku. Horrela urte askoan bizitzea nahi nuke, baina ongi dakit ez dela erraza izanen.
Une gozoa eta ahaztezina 2012ko azaroaren 1a. Aimar Sagastibeltza Athletic-eko lehoien aurka Ipuruan. Nola bizitu zenuen egun hura?
Errege Kopan Athletic-en aurka jokatzea ez da udako lagunarteko bate jokatzea bezala. Partidu ofizial bat jokatzeko aukera izatea horrelako talde baten aurka eta Fernando Llorente edota Ander Herrera bezalako jokalariei aurre egiteak, satisfazio berezi bat sortzen du. Esperientzia bikaina izan zen eta are handiagoa, ongi amaitu eta lehia txukuna jokatu nuela kontuan hartuta. Ez zait berehalakoan ahaztuko.
Zer eskatuko zenioke 2013. urteari?
Gustatuko litzaidake minutu gehiago jokatzeko aukera izatea, horretarako egingo dut lan egunero. Taldeari dagokionez 2. mailara igotzea ederra litzateke. Ez da erraza izango baina lorpen hori ederra litzateke.
LEITZARRAK FUTBOLEAN
«Nik uste lehen mailako talde baten aurka partida ofizial batean jokatu duen leitzar bakarra naizela, baina ez da beste munduko meritua, azken batean Errege Kopako zozketa baten ondorio izan da. Hala ere argi daukat nire lorpenak erdi mailakoak izan direla eta hori sendotzen saiatuko naiz. Zail da jakitea noraino iritsiko naizen, baina 2. A mailan debuta eginagatik 2.Bn beharko naiz ongi bidean».