Goizuetarrek eta bisitariek egutegian gorriz seinalatua izaten duten eguna da ferietakoa. Hala zirudien behintzat, herrian bildu zen jendetza ikusita. Goizean goizetik, feria giroa nagusitu zen. Irisarriko frontoian azienda feria hasi zen. Azken hiru urteetan bezalaxe, betizuak izan ziren protagonista nagusiak baina, beste animaliekin batera azienda feria polita jarri zuten. Ardiak, zaldiak, zerrikumeak eta hegazti ugari ere eraman zituzten.
Zer ikusi eta zer erosia ere izan zen artisau eta nekazaritza salmenta-postuetan: eskulanak, baratzetik bildu berritako jakiak... baita berrikuntza pare bat ere. Iazko feria egunean jarritako txondorretik lortutako ikatza salgai jarri zuten eta arrakasta handia izan zuen ekimenak. Bestetik, Pilar Untxalok argazki zaharren erakusketa antolatu zuen eta Goizuetako 1950., 60. eta 70. hamarkadetako argazkiak ikusteko aukera izan zen: festetako argazkiak, komuniokoak.... eta 30. hamarkadako argazki kamera bat ere jarri zuten postuan. Sagardoa egiten ere aritu ziren. Eguerdian, Joseba Otaegi eta Joxe Mari Olasagastiren arteko aizkora apustua izan zen ikusgai eta beteranoena izan zen azkarrena. Herri bazkarian giro ederrean bete zuten barrena frontoian elkartu ziren guztiek. Xabier Solano, Esne Beltzako kidea, egon zen giroa alaitzen. Eta gauean, Gugaz taldearen kontzertuarekin eman zieten amaiera aurtengo Goizuetako feriei.