Urte borobila izan da 2012a Jon Jaunarenarentzat. 20 urte ditu eta bi bakarrik daramatza profesional mailan. Hala ere, inork orain arte lortu ez zuena lortzeko gai izan da. Historiaren parte bilakatu zen abenduaren 8an Labriten. Promozio mailan hiru txapela jokoan eta hirurak jantzi ditu: binakakoa Ceciliorekin, buruz burukoa Ezkurdiaren aurka, eta azkenik, larunbatean Labriten lau t'erdikoa. Horren ondorioz, heldu den urtean Lehen Mailakoa jokatzeko eskubidea lortu du.
Jaunarena jotzen zuten gehienek faboritotzat, baina Untoria kontuan hartu beharreko aurkaria zela zioten zuhurrenek. Labriteko pilotalekua jendez gainezka, igandean neurtu zituzten indarrak. Eta garaipena lortzeko bidea ez zen erraza izan. Pilotakada ugariko partida izan zen, estua. Leitzarrak sakea eta bere jokoa zituen alde. Untoriak, tanto luzeak jokatu eta pilotakada kopurua igota, leitzarra nekatzea zuen helburu. Leitzarra ia partida guztian joan zen aurretik, baina Untoriak ez zuen etsi. Jaunarena 7-0 aurreratu zen lehenbizi, baina Untoriak tartea jan eta partida (11-11) berdintzea lortu zuen. Hiru berdinketa egon ziren gero, 14nakora arte. Jaunarenak, baina, sakeari esker, berriz ere aldea atera zion (21-17). Azken tantoaren faltan, 20raino hurbildu zen Untoria, baina azkenean alferrikako ahalegina izan zen. 22-20 irabazi zion leitzarrak.