Egun seinalatua izan zen azaroaren 17a, herriko elkarte nagusiak, Umore Onak, bere eguna ospatu baitzuen.
Aitzakia horrekin, goizean, Umore Ona elkartearen beheko solairuan, urtebeteko auzolanaren ondotik dotore-dotore gelditu den Azokaren inaugurazioa egin zen. Pablo Miranda alkatea ere bertan izan zen eta aipamen berezia egin zitzaion Felix Loiarteri, bertan bolondres egin dituen lanengatik eta eman dituen orduengatik. Abesbatzak hiru kantu ere abestu zituen. Modu honetan, azken aldian udal biltegi moduan erabiltzen zen bajera zoragarri txukundu eta txoko ikusgarria gelditu da.
Umore Ona elkarteak dituen atal ezberdinek (pilota, futbito, abesbatza eta dantzariak) beraien saioak egin zituzten egunean zehar. Aipatzekoa izan zen dantza taldearena, euria zela eta plazan eginbeharrean, udaletxeko arkupetan aritu baitzen dantzan. Gaur egungo dantzariak ez ezik, garai bateko beteranoak ere aritu ziren, batzuk seme-alabekin batera. Gauean, nola ez, afari eder batekin borobildu zen eguna.