Amazabal ikastetxeko DBH 2, 3 eta 4. mailako ikasleek egindako bideoak zalaparta sortu du herrian. Gaztea parody lehiaketan parte hartu dute, Gangnam style abestiaren parodia eginez. Finalista izatetik hurbil gelditu ziren leitzarrak. Azken unerarte lehenengo postuetan ibili ziren, baina bosgarren sailkatuak baino hiru botu gutxiagorekin, seigarren gelditu ziren azkenean.
Gorka Alberdi irakaslea aritu zen arduradun lanetan eta bozketen azken unean guztia aldatu zela aipatu digu: «azken asteetan lehenengo edo bigarren postuetan ibili ginen, botu asko lortu genituen, baina bozketak amaitzen ziren gauean, azken orduan guztia aldatu zen». Pilotariak, dantzariak eta pertsonaia bitxiak ez dira falta bideoan, umorea da nagusi. Pare bat astean bideoa egina zuten, «lehenengo astean ideia pentsatu eta plastikako orduetan kurtso bakoitzeko ikasleekin toma bat edo bi grabatu genituen eta gero guztia lotu». Egindako lanarekin pozik gelditu dira «gustura geratu gara egin dugun bideoarekin, ikusi duen jendeari ere gustatu zaio eta hurrengo urtean berriro ere parte hartzeko gogoz daude ikasleak». Bideoa sarean dago ikusgai: http://www.youtube.com/watch?v=NvJDtwgt0zg