San Martinetako egitarauaz gozatzera jende asko etorri zen, giroak ohi bezala lagundu ez bazuen ere.
Aurreko zenbakian egitaraua zein zen ezagutzera eman genuen eta oraingo honetan eskerren tartea zabaldu behar!
Eguerdi aldera, batez ere haizeak atzeratu gintuen zeramika tailerra egiteko montatu behar genuen karpa txikia montatzerakoan. Haize ufada bortitzak izango genituela entzuna genuen eta goizean, aurreratutakoa itxura guztien arabera bete egingo zela zirudien. Ordutik hasita, Arotzaundiko Pinok bere tailerreko ateak irekitzeko ez zuen zalantzarik egin eta arratsaldeko 5:30etik 7:30ak pasatxo izan arte, jende asko pasatu zen bere tailerretik tornua nola erabiltzen zen ikasi eta zeramika lantzearen prozesua ezagutzera.
Ordu berean hasi zen Erkuden de Andres ipuin kontalari iruindarraren saioa. Bere amonaren erratza lotan zegoela esanez ixil-ixilik sartuarazi zituen ikus-entzuleak Udaletxeko ganbarara eta hortik aurrerako Sorgin Eroaren abenturekin txikienek ederki gozatu zuten.
Jarraian, beti bezala ilusio handiz prestatutako talo eta gaztainak izan genituen. Jendea erruz ase zela esan dezakegu, eta azkenerako generoa ere eskastu zen alde guztietan. Bukatutakoan bale! Datorren urtean beste horrenbeste egitekotan, bejondeizuela lanean aritu eta bestaldean gozatu zenuten guztioi! Eskerrik asko!