Kutxa batean gordetako argazki zaharrak ziren. Herri mailan ahaztua zegoen istorioa. 50 urte beranduago gogora ekarri dute eta merezitako omenaldia egin diete antzerki taldeko kideei. Garai hartan euskaraz antzerkia egitea, ez zelako ahuntzaren gau erdiko eztula.
Eneritz IRAOLA
Goizueta, 1962ko abuztuaren 19a. Arratsaldeko sei eta erdiak inguru. Euskararen eguneko ospakizunak. Bederatzi laguneko taldea taula gainean. Sei emakume eta hiru gizonezko: Enrike Miranda, Arantxa Berroeta, Maria Angeles San Miguel, Zeferino Berroeta, Mari Karmen Tomasena, Maritxu Loiarte, Antonio Berroeta, Axun Lujanbio eta Milagros Narbarte. Zuzendari eta gidoilari lanetan, herriko apaiza, Saturnino Mujika. Herriaren aurrean ‘Aberatsak olaxe egiten’ lana antzezteko prest. Isilpeko lan eta entsegu klandestinoen fruitua jendaurrean erakusteko gogoz.
Ederki gogoratzen da Milagros Narbarte estreinaldi egunaz «gaur izan balitz bezalaxe. 20 urte nituen orduan. Gurasoek esaten zidaten lasai egoteko, ez begiratzeko jendeari. Baina erraz esaten zuten beraiek». Katalin sudur luzeren papera egin zuen berak. Taula gainera igo orduko akabo urduritasunak «paperean sartu eta ederki pasa nuen. Oraindik gogoratzen ditut jaso genituen txaloak. Egun ederra izan zen».
Saturnino Mujikak dionez, publiko artean Guardia Zibilen batzuk ere ba omen ziren, «han inguruan ibiltzen ziren, susmagarria izan zitekeen zerbaiti usaina hartu nahian».
LAN TALDEA
Antzezleez gain, Xalto eta Uizi aranoarra bertsolariak ere beraiekin batera ibiltzen ziren gehienetan. Gainera, ingurukoen laguntza ere izan zutela esaten du Milagrosek «herriko guardak eszenarioa montatzeko beharrezkoak genituenak lortzeko izugarrizko abilezia zuen. Herriko pelukerak orrazten gintuen, gurekin bidaiatzen zuen eta ez zuen deus ere kobratzen. Beste batek oso ongi pintatzen zuenez, hark pintatzen gintuen».
OZTOPOEN GAINETIK
«Isilpean elkartzen ginen, iluntzetan. Bilera klandestinoak izaten ziren. Urte zailak izan ziren, baina egiten genuena egiteko ilusioa genuen».
Milagros NARBARTE
Goizuetako Antzerki Taldeko kidea
ANTZERKIAREN GIDOIA
Saturnino Mujikak idatzi zuen antzerki obra eta obraren oinarrian handikeriaren gaia lantzen zela dio «haundi usteko familia bat agertzen da, amak ametsak egiten ditu errealitatea ez den gauzekin. Bere semea aberatsen alaba batekin ezkonduko zuela amesten du. Zenbat diru irabaziko zuten, aberastasunak eta handikeriak izango zituztela uste zuen. Eta ametsa eta ametsa eta ametsa.... Semea haundizalea baina astakilo haundi xamarra zen. Ametsek porrot egin zuten. Azkenean ametsak amets».
ZAILTASUNAK
Antzezlana aurrera eramatea, ez zen erraza izan. Frankismo garaia zen, debekuak debekuen gainetik. Baina hala ere, aurrera eraman zuten beraien asmoa. «Zailtasunak izugarriak ziren, bilerarik egiteko biderik ez zen izaten orduan. Zazpi lagunetik gorako taldeak debekatuta zeuden. Gobernu Zibilari baimen berezi bat eskatu behar zitzaion. Gu horregatik isilpean elkartzen ginen, bilera klandestinoak egiten genituen. Urte zailak ziren baina egiten genuena egiteko ilusioa genuen» dio Milagrosek. Arratseko bederatzietan elkartu eta inork ez zuela hutsik egiten aipatzen du «punttual punttual joaten ginen denok. Larunbat eta igande arratsean izan ezik, egunero. Astelehenean hasi eta ostiralera arte». Eguneroko zereginetatik tarte bat hartu behar izaten zuten antzerkia egin ahal izateko «denok genituen gure lanak eguneroko ogia irabazi behar genuen. Baina antzerkia egiten oso gustura ibiltzen ginenez, egiten genuen denetara iristeko modua».
Entsegu orduetara garaiz iristen ziren baina etxera itzultzerakoan batzuetan zabartu egiten ziren «noizbehinka jateko zerbait eramaten genuen, denok han eserita jarri eta broma pasatzen genuen».
EUSKARAZ ZAILA
«Ez zen erraza euskarazko antzerkia egitea. Euskarazko antzerkia ez zegoen ongi ikusia. Baldintza gogorrak jasan genituen. Testuak gobernuarengana eraman behar ziren, gaztelerara itzulita edo gutxienez zertaz solasten zen azalduta».
Saturnino MUJIKA
Goizuetako apaiza eta Antzerkiaren bultzatzailea
ENTSEGUAK
«Arratseko bederatzietan, punttual punttual joaten ginen denok. Larunbat eta igande arratsean izan ezik egunero. Astelehenean hasi eta ostiral arte».
Milagros NARBARTE
Taldeko kidea
BITXIKERIAK
«Goizuetako emanaldian tartean baziren herriko bi gizon jendeari parra eginarazten oso onak zirenak. Bakailua jaten ari ziren bi pertsonen arteko elkarrizketa bat antzeztu behar zuten. Jende aurrean moztu egin ziren eta ez zuten tutik egin. Jendeak parra egin zuen baina ez elkarrizketengatik, beraiek nola zeuden ikusita baizik».
Saturnino MUJIKA
Goizuetako apaiza
EUSKARAREN DEBEKUA
Gazteleraz solasteko agindua eta euskaraz egitea sarritan debekatuta zegoen. Saturninok euskaraz lan egiteko oztopoak ugariak zirela gogoratzen du «euskarazko antzerkia ez zegoen ongi ikusia. Baldintza gogorrak jasan genituen. Testuak gobernuarengana eraman behar ziren, gaztelerara itzulita edo gutxienez zertaz solasten zen azalduta».
Laguntza baino oztopo gehiago izan zituzten arren, ametsak egia bihurtu zitezkeela ikusi zuten. 1962an taula gainera igo, teloia zabaldu eta lehen hitza eta baita azkena ere euskaraz egin zituztenean. Isilean landutako antzerkia herri osoaren aurrean antzeztu zutenean.