Goizuetarrek eta baita bisitariek ere, kalendarioan gorriz seinalatua izaten duten eguna da ferietakoa. Hala zirudien behintzat, herrian bildu zen jendetza ikusita. Goizean goizetik, feria giroa nagusitu zen. 10:00ak aldera, Irisarri frontoian, azienda feriari eman zitzaion hasiera. Azken hiru urteetan bezalaxe, betizuak izan ziren protagonista nagusiak. Baina ganaduzaleek eramandako beste animaliekin batera azienda feria polita jarri zuten Isarri frontoian. Ardiak, zaldiak, zerrikumeak eta hegazti ugari ere eraman zituzten. Ganaduzale eta etxeko ttikienak gustura ibili ziren azienda artean.
Zer ikusi eta zer erosia ere izan zen artisau eta nekazaritza salmenta-postuetan. Bertako produktuekin landutako eskulanak, baratzetik bildu berritako jakiak... eta aurten berrikuntza pare bat ere bai. Iazko feria egunean jarritako txondorretik lortutako ikatza salgai jarri zuten eta arrakasta handia izan zuen ekimenak. Bestalde, Pilar Untxalok argazki zaharren erakusketa antolatu zuen. Goizuetako 50., 60. eta 70. hamarkadetako argazkiak ikusteko aukera izan zuten postu horretara gerturatu zirenek. Herriko festetako argazkiak, komuniokoak.... eta 30. hamarkadako argazki kamera bat ere jarri zuten postuan. Sagardoa egiten ere aritu ziren. 12:30ak inguruan, Joseba Otaegi eta Joxe Mari Olasagastiren arteko aizkora apustua izan zen ikusgai. Aizkolari gipuzkoarrek ordu erdiko lana egin zuten, eta Olasagasti beteranoa izan zen bertze behin ere, azkarrena. Herri bazkariaren txanda ere heldu zen, eta giro ederrean bete zuten barrena frontoian elkartu ziren guztiek. Xabier Solano, esne beltzako kidea, egon zen giroa alaitzen. Eta gauean, Gugaz taldearen kontzertuarekin eman zieten amaiera aurtengo Goizuetako feriei.