Iñaxio Perurenak ezin izan du 300 kiloko harriarekin

Ttipi-Ttapa 2012ko azaroaren 26a

Iñaxio Perurenak ez zuen mendean hartu 300 kiloko harritzarra, igandean egindako saiakeran..

Bi saiakera egin ditu eta 295 kiloko marka ondu gabe geratu da

Bost minutuko txandan, bi altxaldi saiakera egin zituen azaroaren 25ean Amazabal pilotalekuan. Aurrenekoa nahiko ongi bideratu zuen, baina hiru pote eman ondotik harria bota behar izan zuen. Bigarren saiakeran berriz, harriari bi pote egin ondoren gerri eta bularraldean, amore eman behar izan zuen.

Iñaxio Perurena, 28 urteko leitzarrak, marka ahalegina egin zuen azaroaren 25ean, igandean, Leitzan. Amazabal pilotalekuan, eguerdiko 12:30etatik aitzinera, handia zen ikusmina. 300 kiloko koadroa mendean hartzea zen Perurenaren helburua, baina bertze behin ere ez zuen lortu. Bost minutuko txanda bakarrean, bi altxaldi saiakera egin zituen. Aurrenekoa nahiko ongi bideratu zuen, baina hiru pote eman ondotik harria bota behar izan zuen 17 segundo beteta zituenean. Erlojuaren aurkako lehia hasi zen orduan, lehenengo saiakera horrek nerbioak lasaitzeko balio izan bazion ere. Bost minutuko txanda amaitzeko minutu erdia geratzen zenean ekin zion bigarren saiakerari. Harriari bi pote egin ondoren gerri eta bularraldean, amore eman behar izan zuen. 295 kiloko bere marka ondu gabe geratu zen. Saiakera amaitzean, huts egin izanaren arrazoi nagusia nerbioak izan zirela aipatu zuen harri-jasotzaileak «goizean goizetik oso urduri nengoen eta oinetan indarra falta nuen, dardarka nituen». 

Igandekoa ez zen Perurenak 300 kiloko harritzarra jasotzeko egiten zuen lehen ahalegina. 2009ko abenduaren 31n egina baitzuen saiakera. Sorbalda gainera jaso bazuen ere, harriak ihes egin zion atzealdera eta ez zen balekoa izan jasoaldia. Geroztik, aski arantzatsua izan da leitzarraren ibilbidea, erdia diskala tarteko. Baina ez du 300 kiloko harria jasotzeko asmoa baztertu. Gibitei, Iñaki Perurena eta Saralegik osatzen duten zerrenda horretan sartzea du helburu. Eta igandean, lortu ez bazuen ere, ez du etsitzeko asmorik. 300 kiloko harria jaso dutenen zerrendan sartzeko asmoarekin jarraitzen du oraindik. Hurrengo saiakera noiz izango den ez du zehaztu baina «bihar bertan entrenatzen hasiko naiz, eta saiakera berri baterako nola aurkitzen naizen ikusiko dut» adierazi zuen Perurenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun