Amazabal eskolako DBH 2., 3. eta 4. mailako ikasleek egindako bideoak zalaparta sortu du herrian. Gaztea parody lehiaketan parte hartu dute, Gangnam style abestiaren parodia eginez. Gaur jakinarazi dituzte irabazleen izenak eta leitzarrek epaimahaiaren saria eskuratu dute,1000 euroko saria. Epamahaiaren erabakiarekin batera, entzuleena ere banatzen dute lehiaketan. Sarean bideoak ikusi eta ikusleek beren aldeko bozka eman ondotik, bozka gehien lortzen dituenak 2000 euroko saria eskuratzen du. Lehia horretan ere, azken unerarte lehenengo postuetan ibili ziren. Baina, azken unean gauzak aldatu eta bosgarren sailkatua baino hiru botu guttiagorekin, seigarren gelditu ziren. Entzuleen saria Lasarteko Dinbi Danba batukada eskolak eskuratu du.
'Leitza style' bideoan pilotariak, dantzariak eta pertsonaia bitxiak ez dira falta, umorea da nagusi. Gorka Alberdi irakaslea aritu zen antolatzaile lanetan eta pare bat astean bideoa egina zutela dio «bi aste inguru behar izan genituen, lehenengo astean ideia pentsatu eta plastikako orduetan kurtso bakoitzeko ikasleekin toma bat edo bi grabatu genituen eta gero guztia lotu». Egindako lanarekin pozik gelditu dira «gustura geratu gara egin dugun bideoarekin, jendeari gustatu zaio eta hurrengo urtean berriro ere parte hartzeko gogoz daude ikasleak». Bideoa ikusi