Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna azaroaren 25ean ospatuko da eta Leitzan ere eginen dituzte gaiarekin lotura duten ekintzak. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bilgune Feministak ekitaldiak antolatu dituzte.
Azaroaren 24an, larunbatean, Ahalduntze Tailerra izanen da Leitzako Erleta eskolako gimnasioan goizeko 10:00etan. 13:00ak arte bioenergetika eta emakumeen ahalduntzeari buruz hitz eginen du Teresa Martinez Peñalbak. Psikologian lizentziatua eta gorputz lanketan aditua da hizlaria, eta hain zuzen, gorputz lanketaren bitartez eginen da tailerra. Helburua emakumeek elkarturik, zein banaka, beraien gaitasunen, aukeren eta boterearen kontzientzia hartzea da. Ausardia maila igotzeko teknikak ere erakutsiko ditu, mugak jarri eta espazioa defendatzen erakutsiz. Emakumeentzat preziatua dena baloratzen eta eskuratzen ikasiz. Tailerraren ondotik, luntxa ere antolatu du Gizarte Zerbitzuen mankomunitateak. Izen-ematea Maimurren egin behar da, azaroaren 23a baino lehen.
Azaroaren 25ean, igandean, 'Beldurrak gurekin jai: ERRESISTENTZIA FEMINISTA!' lemapean, elkarretaratzea antolatu du Bilgune Feministak. Lopeneko atarian elkartuko dira eguerdiko 12:00etan. Arratsaldean berriz, pala txapelketa azkarra eginen dute. 15:30ean eginen da izen ematea plazan eta 16:00etan txapelketa hasiko da. Teniseko pilotekin arituko dira eta bikoteak zozketaz eginen dituzte. Ahal bada, palak eramateko eskatu dute antolatzaileek, baina ez dituztenentzat bertan ere izanen dituzte. Euria egiten badu, txapelketa frontoian eginen dute. Bukatzean, salda beroa dastatzeko aukera izanen dute elkartzen diren guztiek.
Azaroaren 27an, asteartean, hitzaldia antolatu dute Gizarte zerbitzukoek. 'Emakumeen kontrako indarkeria Nafarroan' landuko dute. Leitzako udaletxean izanen da saioa arratsaldeko 19:00etan. Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformako kideak, Amaia Zubieta eta Miriam Conde izanen dira hizlariak. Plataformak Sexu Indarkeriarekin amaitzeko egin duen neurri integralen proposamena landuko da bertan.