Aurrera Kirol Elkartearen ohiko batzarra azaroaren 23an izanen da

Ttipi-Ttapa 2012ko azaroaren 21a

Zuzendaritza taldea berritu eta azken ikasturteko kontuak onartuko dituzte

Leitzako Kirol Elkarteak zuzendaritza taldea berritzeko asmoa du. Horretarako, ostiralean arratsaldeko 20:00etan lehen deialdian eta 20:15ean bigarrenean elkarteko kideak bilduko dira. 2011tik 2012ko irailera bitarteko kontuen onarpena ere eginen dute.

Leitzako Kirol Elkarteak zuzendaritza taldea berritzeko asmoa du. Horixe izanen da azaroaren 23an, ostiralean, eginen duten ohiko bilkuran gai nagusia. Arratsaldeko 20:00etan batzarraren lehen deialdia izanen da eta 20:15ean bigarrena. Zuzendaritza talde berrian  parte hartzeko interesa dutenek azaroaren 17ra arteko epea izan dute. Aurkeztutako jendearen artean aukeraketa eginen dute orain bazkideek eta lehendakaria, lehendakari ordea, idazkaria, diruzaina eta bokalaren postuak beteko dituztenak izendatuko dituzte. Heldu den urteari begira kirol koordinatzaile baten beharra ere somatu dute Aurrerako arduradunek. Beraz, proposamena bidali dutenen artean kirol koordinatzailea ere hautatuko dute ostiraleko bileran.

2011ko irailetik 2012ko irailera bitarteko kontuen onarpena ere eginen dute bazkideek. Elkartetik jakinarazi dutenez, urte hau 4.000 euro inguruko superabitarekin itxi dute, 69.029,50 euroko gastuak izan dituzte eta 73.004,46 euroko diru sarrerak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun