Goizetik gauera bestarako aukera ederra izanen da larunbateko Feria egunean. Aziendak, salmenta-postuak eta ongi pasatzeko gogoa uztartuko dira bertze urte batez, Goizuetan. Egun osoan zehar egonen da, zer jan, edan, erosi eta ikusia. baina, bezperan, ere ez dira etxean geratuko Goizuetarrak. Azaroaren 23an, ortziralean, Estanga eta Luzeren bertso musikatuak entzuteko aukera izanen baita Ganbaran arratsaldeko 19:30ean.
Feria eguna
Goizeko 10:00etan ganaduzaleek Isarriko frontoian dute zita, azienda feria egin eta Betizu egunaren III. edizioa ospatuko da. Artisau eta nekazal produktuen postuak ere jarriko dituzte: bertako baratzeetako produktuak eta eskuz landutako bertze hainbertze izanen dira eskuragarri. 12:30etan aizkora apustua izanen da, eta ez nolanahikoa, Otaegi eta Olasagasti ariko baitira lehian. Otaegi da 2012ko Gipuzkoako txapelduna eta Olasagastik berriz Euskal Herriko sei txapel lortuak ditu.
14:30etan tripa bete eta egarria asetzeko aukera izanen da herri bazkarian. Indarrak bildu ondotik, arratsaldean musikariekin herrian barna ibiliko dira, festa giroa herri guztira zabalduz. Eta gaueko 22:30etan gaztetxean, Gugaz taldearen kontzertuarekin emanen diote amaiera aurtengo feria egunari.