Larunbat honetan, Goizuetako kulturaldiko egunik garrantzitsuena ospatuko da. Azaroaren 17an, Umore Ona Elkartearen Eguna ospatuko baita. Gainera egoitzaren beheko solairuan egindako obren inaugurazioa ere eginen da. Orain arte biltegi gisa erabili izan du Udalak toki hori baina orain, urte batzuetarako Umore Onari utzi dio. Elkarteak sukaldea, bodega, komuna eta jangela egin ditu hor ezinduek arazorik gabe erabil dezaten. Lehenengo solairuarekin eskailera bidez elkartu da behekoa. Gremiotan elkartu eta lanak auzolanean egin dira. Hasierako egitekoa garbiketa lana izan da: paretak eta egurrak garbitu, lurra moldatu... 2011ko azaro hondarrean hasi ziren boluntarioak horretan eta lanak bukatuta, inauguraziorako garaia heldu da.
Larunbatean eguerdiko 13:00etan izanen da inaugurazioa. Abesbatzak hiru abesti abestuko ditu eta horren ondotik luntxa eskainiko zaie bertatzen diren guztie. Arratsaldean kirolerako tartea. Umore Onako pilotarien partidak jokatuko dira 17:00etan eta segidan, futbito partida. Arratsaldeko 19:00etan dantzariek emanaldia eskainiko dute. Eguna amaitzeko 21:30ean afaria emanen da elkartean, Umore Onako partaide direnei. Bezperan, ostiralean 19:00etan Hego Amerikako argazki emanaldia eskainiko du Unai Bakerok Ganbaran. Azaroaren 23an berriz, ostiralarekin, 19:30ean bertso musikatuak eskainiko dituzte Estangak eta Luzek ganbaran. Eta azaroaren 24an, Feria Egunarekin borobilduko dira azaroko kultur egunak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!