Kultur ekitaldiz ederki osatua izaten da azaroa azken urteetan Goizuetan. Aurten ere ez da gutxiago izango. Azaroaren 24an izango da Azienda Feria eguna, baina aurretik hainbat ospakizun eginen dira. Urrunago joan gabe, asteburuan jubilatuentzako zenbait ekitaldi antolatu ditu Umore Ona elkarteak eta 1962an euskarazko antzezlana taularatu zutenei omenaldia eskainiko zaie.
Azaroaren 3an, larunbat arratsaldeko 17:00 aldera mus eta truk txapelketak jokatuko dituzte erretiratuek.
Igandean, 1962an euskarazko Aberatsak olaxe egiten antzerkia taularatu zutenei omenalditxo bat eskaini nahi zaie, Jubilatuen Egunaren barrenean. 11:00etan meza izanen da, segidan pilota partidak eta gero, eguraldiak laguntzen badu, plazan eginen da omenaldi ekitaldia. Bestela, Umore Ona elkartean eginen da. Aktore lanean aritu ziren gehienak bezalaxe, antzezlana idatzi zuen On Saturnino apeza ere bizi da eta gonbidatua dago omenaldira. Gero, bazkaria izanen da. Bazkalaurrea eta bazkalondoa girotzen, Xabier Legarreta eta Unai Agirre bertsolariak arituko dira.
Azaro kulturala
Asteburu honetakoak, Goizuetako Kultur Taldeak antolatutako Azaro Kulturalaren lehenbiziko ekitaldiak izanen dira. Azaroaren 9an, ostiralean, Goizuetako txondorgileak DVD emanaldia eginen da 19:30ean eskolako jangelan.
Azaroaren 10ean, larunbatean, umeentzako ginkana eta berendua izanen dira 17:00etatik aurrera. Segidan, 19:00 aldera, Goizutarrak kontu kontari DVD emanaldia izanen da eskolako jangelan.
Azaroaren 16an, Hego Amerikako argazki emanaldia izanen da Ganbaran 19:00etan Unai Bakeroren eskutik.
Azaroaren 17an, larunbatarekin, Umore Ona elkartearen eguna ospatuko da eta bidenabarrean, Umore Ona elkartearen beheko solairuaren inaugurazioa eginen da.
Azaroaren 23an, ostiralarekin, Oskar Estanga eta Miel Mari Elosegi Luzeren eskutik bertso musikatuak izanen dira 19:30ean Ganbaran.
Azaroaren 24an, azkenik, Feria Eguna ospatuko da.