Elizako kanpaiak isil ez daitezen, talde batek garai bateko joaldiak nola jotzen ziren ikasi nahi izan dute.
Anttonio Exkerra da aspaldi honetan, San Migelen etorrerarekin batik bat, elizako kanpaiak jotzen aritzen dena eta bera izan zen urriaren 13an egindako ikastaro edo tailerrean irakasle. Argiezkila, amezkila, angelusa eta kedaz gain, hilezkilak eta sua edo ekaitzaz ohartarazteko joaldiak ohikoak izaten ziren orain dela urte batzuk. Batzuk egunerokoak izaten ziren eta beste batzuk egoerak eskatutakoak, noski. Hauek kontuan hartu ziren ikastaroan baina lanik handiena eman zutenak jai egun bereziak edo hauen bezpera zireneko joaldiak izan ziren, hauek baitziren landuenak behar bada.
Ikastera gerturatu ziren hiruzpalau lagunez gain, kuriositatea asetzeko asmoarekin azaldu zirenak eta plazan edo beste edonon entzuten egon zirenak ere aipatu behar. Buelta bat emanez gerturatu ziren bisitariak ere herrian zer gertatzen ote zen galdezka jarri zituzten.
Ikastaroan parte hartu zutenak gustora gelditu ziren ikasitakoarekin eta irakaslea ere beste horrenbeste. Orain, kanpandorreko soka berria lehengoa adina gastatu arte kanpaiak astinduko dituen norbaiten jarraipena ziurtatua izatea espero dugu!