Kultur ekitaldiz ederki osatua izaten da azaroa azken urteetan herrian. Aurten ere ez da gutxiago izango. Azaroaren 24an izango da Azienda Feria eguna, baina aurretik hainbat ospakizun eginen dira. Urrunago joan gabe, asteburu honetan jubilatuentzako zenbait ekitaldi antolatu ditu Umore Ona elkarteak. Azaroaren 3an, larunbat arratsaldeko 17:00 aldera mus eta truk txapelketak jokatuko dituzte erretiratuek.
Igandean, 1962an euskarazko Aberatsak olaxe egiten antzerkia taularatu zutenei omenalditxo bat eskaini nahi zaie. 11:00etan meza izanen da, segidan pilota partidak eta gero, eguraldiak laguntzan badu, plazan eginen da omenaldi ekitaldia. Bestela, Umore Ona elkartean eginen da. Aktore lanean aritu ziren gehienak bezalaxe, antzezlana idatzi zuen On Saturnino apeza ere bizi da eta gonbidatua dago omenaldira. Gero, bazkaria izanen da. Bazkalaurrea eta bazkalondoa girotzen, Xabier Legarreta eta Unai Agirre bertsolariak arituko dira.