Udazkeneko altxor preziatuenak, onddo eta zizak, dira protagonista aste honetan Leitzan. ALKE Leitzako Kultur Elkarteak eta Mendibil Mendi Taldeak Mikologialdiaren bostgarren edizioa antolatu dute, Udala eta Kaxkabeltza elkartearen eta Landaberri garagardotegiaren laguntzarekin. Aste guztian zehar lagunartean onddo eta xixen bila ari dira, gero igandeko erakusketa mikologikoan bildutako hori denei erakusteko. Adin guztietako herritarren piezak izanen dira ikusgai urriaren 28ko erakusketan, baita haurrek bildutakoak ere, urriaren 27an haurrentzako mendi ateraldia ere antolatu baitute. Goizeko 09:30ean guraso eta haurrak, Leitzalarreko mendietara abiatuko dira perretxiko bila eta gero arratsaldean bildutako hori sailkatuko dute. Urriaren 26an eta 27an jasoko da herritarrek bildutakoa udaletxeko karrapean. Igandea, urriaren 28a, izanen da Mikologialdiaren egunik garrantzitsuena. Goizeko 11:30etik aurrera, Karrapean, haurrentzako tailerrak eta erakusketa mikologikoa izanen dira. Astean zehar eskolako haurrek egindako onddo eta xixen inguruko marrazkiak ere ikusgai egonen dira eta arratsaldean zozketa eginen dute. Horretaz gain, Mikel Illarregik egindako xixen gaineko proiekzio didaktikoa jarriko da karrapean eta xixekin prestatutako pintxoak dastatzeko aukera ere izanen da.