Urriaren 6an ospatuko da Aurrera Kirol Elkartearen VI.Eguna

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 2a

Aurrerako dantzariek aurten ere saioa eskainiko dute plazan

Kirola eta festa uztartzen dituen egitarau zabala antolatu dute

Kirola eta festa eginez izango da gorputza mugitzeko nahikoa aukera Leitzan. Besteak beste, bizikleta irteera, futbito eta futbol partidua eta dantzarien saioa antolatu dituzte larunbaterako. Indarrak hartzeko poteoa, bazkaria eta luntxa ere izango dira.

Goizeko lehenengo orduan hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte festan ibiliko dira asko larunbatean. Seigarren urtez jarraian antolatu dute Aurrera Elkartearen Eguna Leitzan. Geldirik egoteko ez da tarte haundirik izango, aurtengoan ere egitarau zabala prestatu baitute.

Goizeko bederatzietan Txistularien dianarekin hasiko da festa. Ordurako batzuk bizikleten gainean pedalak astintzeko prest izango dira estazio aurrean,  09:00etan  bizikleta irteerari hasiera emango zaiolako. Aurrera BTT taldearekin  egingo da ibilbidea eta haur eta helduentzat egindako buelta erraza izango da.

10:00etatik 13:00tara haurrek  rokodromoan, tirolina eta zaldi gainean gozatzeko aukera izango dute. Ondoren futbito partidua izango da "juegos deportivos" taldearen eskutik. 11:30ean Aurrera pilota eskolako pilotarien txanda izango da eta hauek amaitzean dantzariek saioa eskainiko dute plazan. Bazkal aurretik giroan sartzeko portea egingo dute Incansables txarangarekin. 14:30ean Aurrerako bazkideen bazkaria izango da Karrapen. Menua: sarayola entsalada, xixak piperrekin, langostinoak baratsuriekin, etxeko fritoak, txerri iberikoaren karrilerak, flana eta sorbetea. Ardoa, sagardoa, txanpana eta kafea ere prezioan sartzen dira. Txartelak Peritza eta Torren eskuratu daitezke eta erosteko azken eguna bihar, Urriak 3, izango da. Bazkideek 20 euro ordaindu beharko dituzte, bazkideak ez direnek 25 euro eta 65 urtetik gorakoen bazkaria dohainik izango da (txartela hartzeko 608 789 293 zenbakira deitu behar da).

Arratsaldean Aurrera eta Ultzamaren arteko futbol partidua izango da Lekunberrin eta bazkideek ingurutxoa dantzatuko dute. Ondoren Incansables txarangarekin eta buruhaundiekin poteoa izango da. 21:30ean luntxa izango da Aurreran eta atarian gizon orkestrak joko du festa giroak amaierarik izan ez dezan. 

Elkartearen egun berezia izanik,  Aurrerako Ikurra duen blusa beltza janztera animatu nahi dituzte herritarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun