Gutxi batzuk baino ez dira harriari tiraka edo emakume-probetan ibiltzen diren emakumeak. Baina aurten, beste talde bat sortu da Ergobin (Astigarraga, Gipuzkoa). Zortzi neskako taldea osatu dute, eta tartean dabil Lurdes Legarreta (Arano, 1980). Aranoarra da sortzez, baina Ergobin bizi da eta hango taldearekin bi desafiotan parte hartu du, lehena zaldi baten kontra eta bigarrena lau mutilen kontra. Biak ere irabazi dituzte. Sobera hedatua ez den kirol honi buruz xehetasun gehiago eman dizkigu Legarretak.
Parrandan sortutako erronka bat tarteko hasia da Lurdes Legarreta harriari tiraka edo emakume-probetan. Aranoarra sortzez, Ergobin bizi da eta joan den urteko hango festetan abiatu zen dena: «iazko Ergobiko festetan, parrandan berotu eta bi mutil 900 kiloko harriarekin hasi ziren, eta Jai Batzordeko neskei haiek ez zutela mugituko desafioa bota zieten. Neskak berotu eta jendea behar zenez, ni ere tartean sartu ninduten. Ez genuela mugituko esaten ziguten, eta azkenean lortu genuen 900ekoa mugitzea, nahiz eta gero apustua ttikiagoarekin egin». Halaxe hasi zen Legarreta emakume-probetan.
Iaz erronka bota eta aurten egin dituzte apustuak, Ereñozun ekainean (Hernani, Gipuzkoa) eta Ergobin abuztuan. Ereñozun neska kuadrillak eta zaldi batek egin zuten apustua, 25 metroko plazan 20 minutuz zeinek gehiago egin, neskak 550 kiloko harriarekin eta zaldiak 900 kilokoarekin. Zaldiak nesken emaitza bikoiztea zen kontua: «42 plaza egin eta irabazi egin genuen. Zaldiak indarra soberan bai, baina denboraren barne ezin izan zituen minutuko lau plaza egin», dio aranoarrak.
Eta Ergobin zortzi neska lau mutilen aurka aritu ziren, 550 kiloko harriarekin 20 minutuz 22 metroko plazan zeinek gehiago egin: «katea hautsi zitzaigun eta bi minutu eta gehiago galdu genituen. Hala ere, 52 plaza egin eta gutxigatik izan arren, irabazi genien».
Lehendik herri kiroletan «batere» ibili gabe hasi da harriari tiraka Legarreta, eta esperientzia «polita» izan dela dio, baina aldi berean, «sufritua eta gogorra» dela: «20 minutuak oso luze egiten dira. Kanpotik begiratuta errezagoa dirudi, baina barnean zaudela, sufritu egiten da». Ez direla ezer ez egitetik hasi aitortu digu, baina «pixka bat gehiago eskatzen duela», uste du. Apustuen aurretik, harriarekin astean bi aldiz aritu ziren entrenatzen, Lezoko Iratxe eta Urretxuko Egoitzen aholkuei segituz. Dena den, entrenamenduetan ez zituzten harriari tiraka 20 minutu egiten, «bost minutu tira, beste bost atseden... Serie desberdinak egiten genituen», azaldu digu. Hortik aparte, korrika, mendian ibili... «hankak indartzeko».
Hiru lerrotan banatuta ibili diren nesken artean, atzeko postua tokatu zaio aranoarrari eta hortaz, batez ere gerritik sufritu du: «lehen lerroan doazenek sorbaldan gehiago sufritzen dute, erdikoek bizkarraren erdi parean eta azkenekoek gerrian».
Fisikoki ongi egoteaz gain, psikologikoki gogorra ote den ere jakin nahi izan dugu: «ez da hain hainbesterako –dio–, baina norbere buruari azkenerako aguantatu behar dela esan behar zaio». Horrekin batera, «denek batera pausua ematea garrantzitsua dela» kontatu digu: «pausua batera ez emanagatik 550 kiloko harria aise mugitzen genuen . Lau lagunen artean ere mugitu izan dugu. Baina pausua denak batera ematea garrantzitsua da. Harri haundiagoekin indarra ere behar da, baina 550 kiloko harriarekin erresistentzia garrantzitsuagoa da».
Zortziko neska koadrila bitan atera da orain arte plazara eta bietan irabazi du. Gainera, aranoarrak bere burua «uste baino hobeto» ikusi duela esan digu: «eguna ailegatu arte 20 minutu segidan ez genituen sekula egin eta 20 minututara ailegatuko ginen ala ez beldur ginen. Baina uste baino hobeto moldatu gara». Sasoi hori aprobetxatuz, akaso hurrengo desafioa ere irabaziko dute. Oriotik jaso dute deia, emakume-probetan dabilen hango neska taldearen kontra Orioko San Nikolasetan apustua jokatzeko. Aranon ere probatuko ote lukeen galdetu diogu eta zera erantzun digu: «aldapa pixka bat badago, ez dago prestatua, baina hasiz gero, tokia bilatuko genuke».
NESKA GUTXIKO KIROLA
«‘Zuek al zarete atera behar duzuen neskak? Neska haundi batzuk izango zinetela uste genuen’, esan ziguten Ereñozun proba aurretik. Emakume-probetarako, nonbait, kaxkarrak ikusten gintuzten, eta apustuaren ondotik, denak isilik gelditu ziren. Neskak mundu honetan gutxi sartuak gaude, baina pixka bat prestatuz gero, edozeinek egiteko modukoa da. Esperientzia polita izan da, baina gogor xamarra iruditu zait».