Udako egun hauetan festa bat baino gehiago izan da herrian. Santioak ongi pasatu ziren. Karpa izan zen berrikuntza eta bertan antolatutako ekitaldiek jende asko bildu zuten. Beste berrikuntza, oso jendetsua izan zena, arkume jatea izan zen. 190 bat lagun bildu ziren bazkaltzera eta denak aseta eta pozik gelditu ziren jasotakoarekin. Arkumea, goiz guztian erretzen aritu zirena, xamur eta ongi errea, bertako baratzetako produktuak erabiliz egindako entsaladak aurretik eta bertako bi baserritako gazta eta sagar gozoa atzetik. Kafea, kopa eta purua ere bai bazkaria bukatzeko eta bertso zahar eta berriek girotutako arratsaldea atzetik.
Inoiz baino jende gehiago izan zen lanerako eta aspaldian baino jende gehiago bertaratu zen festetara. Horregatik, festen batzordeak balorazio oso baikorra egiten duela bistan da. Hau eta beste kontu batzuk errepasatzeko eta kontuak egiteko, afari bat eginez, lanean modu batera edo bestera ibili zirenekin elkartzeko asmoa dago eta eguna jarriz ohar bat zabalduko dute luze baino lehen.
San Juan, San Joakin eta Santa Anaz gain, San Rokerena ere aspalditik ospatzen den eguna da. Aurten ere txistulariek garrantzi handia izan dute eta eguerdiko bazkaria eta gero Seguratik aspaldiko urteetan etortzen diren abesbatza bateko bi lagun omendu dituzte, hainbeste urtetan egun hau alaitzen aritu direlako. Beste hainbeste urtez etortzen jarrai dezatela denek!