Berriz ere taloa izanen da protagonista nagusia, igande honetan, irailak 9, zazpigarren aldiz eginen den Taloaren Egunean. Eguerdi artean, herriko talogileak lanean ariko dira plazan, Villabonatar eta Saralegitarren koadrilak, hain zuzen. Herriko jatetxeek artoarekin egindako taloen platerak erakusgai ere jarriko dituzte. Artisau azokak, herri kirolek eta erakusketek osatuko dute jaia. Herri kirol saioan, Euskal Herriko gizonezkoen txinga eramate txapelketa tokatuko da eta bost kirolari ariko dira lehian 50 kiloko txinga parea eramanez. Ondoren, emakumezkoen Nafarroako trontza txapelketa jokatuko dute hiru bikotek. Bitartean, talo tailerrak eta gurdian umeentzat itzuliak izanen dira herritik. Bestalde, 12:00 baino lehen izena ematen duenak talo lehiaketan parte hartzeko aukera izanen du. Sariak 100, 50 eta 25 eurokoak izanen dira.