Abuztuaren 12ko Haurren Egunean Irumaita txarangak egindako harat honaten ondotik, Amabirjin bezperan Umore Ona Elkarteko ordezkariek botatako txupinazoak eta Gazte Egunak festa lehertu zuen herrian. Bost egunez giro ederra izan zen: Amabirjin egunean Aimar Olaizolak merezitako omenaldia jaso zuen. Baina pilotariak ere eskerrak eman nahi izan zizkion herriari eta eskuz banakako txapelketako azken txapela opari eman zion Herriko Etxeari, kristalezko koadro dotore batean sartua. Abuztuaren 16an, sagardoa dastatzeko aukeraz gain, zezenak, toka txapelketa eta profesionalen arteko pilota partida izan ziren, besteak beste. Ostiraletik aurten berrikuntza izan den bakailao lehiaketa aipa daiteke, edo Umore Onako dantzarien saioa ere bai, noski. Peñaren Egunean, eguerdiko pilota partiden ondotik, peñaren bazkaria etorri zen eta ondotik, peñaren irteera... Hortik aurrerakoak argazkietan hobeki ikusten dira. Laburbilduz, giro ederra aurtengo festetan ere.