Denboraldi berria prestatzeari ekin dio Kirol Mankomunitateak eta aldi berean, urritik aurrera eskainiko dituen ikastaroen berri eman du. Gure herriko kasuan, umeentzako bi ikastaro eskaini nahi dira ikasturte berrian: alde batetik, 3tik 5 urte bitarteko umeendako psikomotrizitatea. Ostiraletan izanen litzateke, 16:30etik 17:45era eta hiruhileko prezioa 25 eurokoa izanen litzateke. Ikastaroa aurrera ateratzeko gutxienez zortzi haur behar dira.
Bestetik, multikirola ere proposatu du Mankomunitateak 6 eta 9 urte bitarteko neska-mutikoentzako. Astelehenetan izanen litzateke, 16:30etik 17:30era eta hiruhileko 20 euro ordainduta. Kasu honetan ere gutxienez zortzi haurrek eman beharko lukete izena.
Helduen kasuan, gimnasiako ikastaroa atera nahi da aurrera, astelehenetan 18:00etatik 19:00etara egiteko. Hiruhileko prezioa 32 eurokoa izanen litzateke, eta gutxienez zortzi lagun apuntatzea beharrezkoa da.
Ikastaroak urriaren 1ean hasiko dira baina izen-ematea irailaren 12tik 27ra egin beharko da udaletxean, bulego ordutegian.