Historialarien Biltzarraren jardunaldi bat Leitzan eginen da irailaren 8an

Aitor AROTZENA 2012ko ira. 10a, 14:00

Gaztelako tropak Ibero aldetik duela 500 urte sartu zirela gogoratuz ekitaldia egin zen uztailaren 11n. JM BARRIOLA

Nafarroako konkistaren ondorioak landuko dituzte orokorrean eta Leitzan ‘Gaizkileen muga’ bezala ezagutu zenari jarriko diote arreta berezia

 Nabarralde elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Historialarien Biltzarraren hirugarren edizioko jardunaldietako bat Leitzan eginen da irailaren 8an, Leitzako Udalaren laguntzarekin. Aurtengoan, 1512ko Nafarroako konkistaren ondorioak aztertuko dituzte biltzar honetan.

 

Euskal Herriko historialarien hirugarren bil­tzar honetako lehenbiziko jardunaldia Arrasaten (Gipuzkoa) eginen da irailaren 7an eta az­kena bederatzi egun beranduago eginen da Iruñean. Tartean, Lei­tzan eta Agoitzen izanen dira, hilaren 8 eta 14an.

Leitzako kasuan, Nafarroa eta Gaztelako erre­sumen lurraldeen zatiketa landuko dute, inguru honetan zegoen gaizkileen mugari arre­ta berezia paratuz.

Angel Rekalde Nabarraldeko koordinatzaileak Euskal He­rriko Historialarien Bil­tzarretan landu dituztenak laburtu digu: «Lehenbizi, duela bi urte, konkista edo inkorporazioa izan ote zen izan genuen eztabaidagai Bianan eta han garbi atera zen konkista bortitza eta odoltsua izan zela, gerra eta guzti. Joan den urtean, azpimarratu nahi izan genuen hau ez dela gaurko Nafarroaren gaia bakarrik, Euskal Herriko biztanle guztiena baizik, eta ho­rregatik jorratu genuen mendebaldeko lurraldeen papera eta lotura jatorrizko estatuarekin.  Aurten esan dugu, historia hor dago, baina konkistak gaurko egunean zer ondorio izan dituen aztertu nahi izan dugu, jendea kontura­tzeko ez dela iraganeko datu bat, baizik eta gu­gan eta gure gizartean ondorioa izan duela»­. 

Angel Rekaldek aipatu digunez, 1200 eta 1512. urteen artean muga-lerro horretan izan ziren gertakari eta gehiegikeriak errepasatuko dituzte Leitzako konferentzian. «Erdi Aroko muga hura, gerrako muga hura, zauri bat izan da, banaketa eragin du gaur egunera arte eta antzinako euskal gizartearen zatiketa sortu du». Rekaldek dioenez, «Gaztelak muga hori erabili zuen lehenik inde­pendiente izaten segi­tzen zuen Nafarroari egurra emateko eta bes­te aldetik, etsaitasuna sor­tu zuen. Horrelako es­trategiarekin zatitzea bilatu zuen eta identitate ezberdinak bultza­tzea: gipuzkoarrak nafa­rren etsai gisa agertzea eta nafarrentzat ere gipuzkoarrak deabrua bezala agertzea. Etsaien logika garatu eta ideologikoki garatu zen eta zoritxarrez, gaur egun ere somatzen da hori». Amaiurko sinbolismoaz ere aritu zaigu Angel Rekalde: «Amaiurren sinbolismoa heroizidadea da. Gaur egun ez dago ongi ikusia heroiarena, baina literaturan hor dago. Egia da gure historian horiek direla gure heroiak, Espartako 300ak bezala. Gerra galdua zegoen Noainen nafar armada erabat deseginda gelditu ondotik, baina 200 lagunek Amaiurren mantendu zuten eskualdearen independentzia nafarren esku. Hori gain­ditzeko, Gaztela 10.000 soldaduko armadarekin joan zen, hori dokumentatua dago eta desproportzio horretan menpean hartu zuten, nahiz eta nafa­rrak ez ziren errenditu».

 

Irailaren 8ko programa

Leitzan, larunbat goizeko 10:00etan akreditazioa eta materialen banaketa egin ondotik, 10:30ean aurkezpena eginen da eta 10:45etik 13:00etara hitzaldiak eskainiko dituzte Luis Mari Martinez Garatek (La partición territorial: fraccionamiento del sujeto histórico), Beñi Agirrek (Bi erresuma zaharren muga berriko gaizkileak eta Floren Aoizek (Konkista bedeinkatua versus  baskongado ma­­da­rikatuak. 1512ko konkistaren inguruko errelato españolistaren kontraesanak). Martxe­lo Otamendi Berriako zuzendariak eta Paulo Iztueta soziologo berastegiarrak ere parte hartuko dute 10:00etatik 14:00etara Leitzako zineman eginen den jardunaldian.

Leitzako jardunaldian parte hartzeko au­rretik izena eman behar da, 20 euro ordainduta. Jardunaldi guztietan parte hartzeko 60 euro ordaindu beharko da. Arra­saten, hizkuntzaren gibeleratzea eta galeraz ariko dira. Agoitzen, gazteluen suntsiketaz. Iruñean, azkenik, konkistaren ondorioak az­ter­tuko dituzte.

Informazio gehiagorako, 948 211057 telefonoan edo www.naba­rralde.com webgunean.

 

 

 

IBERO

«Ziordiatik sartu ziren gaztelarren indar nagusiak egun batzuk beranduago, baina Hernanitik Goizueta eta Iberon barna sartu ziren batzuk 1512ko uztailaren 11n. Nafarroako erresumak zer erantzun emanen zuen probatu nahi zuten

AMAIUR

«Gerra galdua zegoen baina 200 lagunek eskualdearen independentzia mantendu zuten nafarren esku»

Angel REKALDE

Nabarraldeko koordinatzailea

 

ANGEL REKALDE, NABARRALDE ELKARTEKO KOORDINATZAILEA

 

«Tuteran ere euskara zen XVI. mendeko nafarren hizkuntza»

 

Gaizkileen muga bezala ezaguna zen inguru hau? 

Literalki, la frontera de los malhechores kontzeptua erabiltzen du Campionek (lehendik Moret eta Gorosabelel ere erabiliz zuten) eta berak hain­bat gaiztakeria zehazten ditu. Hor bi dimentsio daude: alde batetik, gertakari txikiak eta bestetik, ekintza potoloagoak. Honek ez dakit zenbat txerri lapurtu zituen, honek behia, hildako bat… horrelako delitu arruntak daude alde batetik eta beste dimentsioa izan zen, hori guztia lotuta, gauzak potolotzen ziren eta errepresalia operazioak izaten ziren: Berastegiko erreketa, Beotibarko gudua,  Gorritiko gazteluaren erreketa, nafa­rrek Lazkaotarren etxedorrea setiatu zutenekoa errepresalia bezala. Oiartzungo Huartetarrak, berez Ganboatarrak eta beraz, Nafarroaren aldekoak Lesakan egiten zituzten lapurretak eta erasoak zirela eta lesakarrek protesta egin zuten 1340. urte inguruan. Goizuetako artxiboan ere topatu da idatzi bat, Hernanirekin zituzten gorabeheren inguruan, «la guera que Navarra tenía con Castilla» ageri dena erromantze garbian. Beraz, orduko goizuetarrek eta nafarrek garbi zuten ez zirela he­r­naniarren edo gipuzkoarren kontra ari, Gaztelaren kontra baizik.

Arrasaten, hizkuntzaren gibelera­tzea eta galeraz ariko zarete. Euskara zen XVI. mendeko nafarren hizkuntza?

Euskararen inguruan, garbi dago XVI. mende hasierako Nafarroan euskara zela herritarren hizkuntza. Horren erakusgarri da Tuteran, eta ez Goizuetan eta ez Amaiurren, Tuteran, euskaraz ez zekien Aragoiko albaiteroa ekarri behar zutela eta herrita­r­rek egindako salaketa, han jendea elebakarra, eta euskaldun elebaka­rra zela esanez. Komertzianteak eta izanen ziren, erromantzea edo judutarren hizkuntza menperatzen zutenak, baina populazioa euskaldun elebakarra zen.

Iruñean konkistaren ondorioak aztertuko dituzte. Zein izan dira nagusienak zure ustez?

Nire ustez interesgarriena desmantelamendu instituzionala da. Nafa­rroak izugarrizko instituzio pila zituen, garai hartarako oso aberatsak eta aurreratuak, kontuen ganbara, foruak, gorteak, eta abar… Konkistatu ondoren, hasieran ez ziren desagertu baina bai edukiz hustu, azkenean desagertu arte. Baina beste ondorioak ere izan ziren, espoliazioarena… ikusiko dugu zein ateratzen diren Iruñeko planetarioan.

Konkistaren 5. mendeurrena hankapunttan pasatzen ari da Nafa­rroako Gobernua. Zergatik?

Bertsio ofizialak ez duela ez buru ez hankarik ikusi da, desakreditaturik gelditu da eta horregatik ez diote aparteko garrantzirik eman. Zarata gehiegirik atera gabe gainetik pasatu nahi izan dute, bestelako proposamenik egin gabe. Debaterik gabe pasatu nahi izan dute, eta Vuelta Ci­clista a España eta horrelakoak antolatuz, hori bai. 

 

 

LOARRE: HOBEKIEN MANTENTZEN DEN NAFARROAKO ERRESUMAKO GAZTELUA HUESCAN DAGO

Biltzar honetan, Agoitzen, gazteluen suntsiketaz ariko dira. «Ez dago ondare horren aztarnarik ere, dena sun­tsitu zutelako –dio Angel Rekaldek–. Nafarroak ez zeukan armadarik eta bere estrategia izaten zen herri bakoitzean gaztelu bat, inbadituak izanez gero, defentsarako jendea gazteluan sartzeko eta horrela fronte pila irekitzen ziren. Gaztelak bazekien gaztelu horiek Nafarroako erresumaren sinbolo garrantzitsuak zirela, beraien independentziaren ikurra zirela. Nafarroa garaitua sentiarazteko zer egin zuten? Horrelako defentsak sun­tsitu, erabat bota eta horren erakusgarri zitak ere badaude, Villalba koronelak Cisneros-i nola esaten dion «desde que su señoría mando derrocar sus castillos, Navarra está tan baja de fantasía que no hay hombre que levante la cabeza». Neurri militarra da, baina baita gerra sikologikoa ere.  Galera ekonomikoa ere izan zen guretzat, hor bazegoelako ondare bat. Bitxikeria bezala, Huescan dago egoera onenean mantentzen den Nafarroako Erresumako gaztelua, Loarrekoa, seguru­e­nik Europako gaztelurik zaharrena. Ondare hori kendu digute, bai turismorako, bai autoestimarako garran­tzitsua izanen litzatekeena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun