Berriz ere taloa izanen da protagonista Leitzan, igande honetan, irailak 9, zazpigarren aldiz eginen den Taloaren Egunean. 10:00etan irekiko dute merkatua eta ordutik aitzinera, Leitzako talogileak, Saralegi eta Villabonatarrak, taloak egiten ariko dira. Artisauen erakusketa ere zabalduko dute eta taloak egiteko eta baserriko tresnen erakusketa ere izanen da. Baserriko animaliak ere ikusgai izanen dira eta haurrentzat gurdi ibilaldiak eginen dira.
11:00etatik 13:30era ekintza gastronomikoen txanda izanen da. Eskualdeko talo lehiaketa jokatuko da alde batetik, eta hiru lehenengo sailkatuentzat sariak izanen dira. Gisa beraen, taloarekin egindako platerak ikusgai egonen dira zonaldeko jatetxe eta tabernen eskutik eta 4 eta 14 urte bitarteko haurrentzako taloa egiteko tailerra izanen da.
12:00etan herri kirol saioa hasiko da. Alde batetik, Euskal Herriko gizonezkoen txinga txapelketa jokatuko da. 50 kiloko txingak esku banatan hartuta, ahalik eta plaza gehien egiten ahaleginduko dira Kerman Perez de Heredia (Araba), Oscar Perez Estefania (Bizkaia), Ousmane Drame (Bizkaia), Juan Jose Agirregabiria (Gipuzkoa), Fran Etxeberria (Nafarroa) eta Adrian Berruezo (Nafarroa). Horrekin batera, aizkora erakustaldia ere izanen da. Leitza eta inguruko sei aizkolari gaztek hartuko dute parte: Eneko Saralegi (Leitza), Ruben Saralegi (Leitza), Arkaitz Olano (Leitza), Julen Olano (Leitza), Mikel Zabaleta (Leitza) eta Asier Pellejero (Areso).